Izaron elkartu dira berriz ere

Bi urteren ostean, Bermeoko ontziak Izaro uhartearen inguruan bildu dira, eta teila jaurti dute berriro. Frantziskotarren monasterioko bat bota dute, haiek irlara heldu zirela 600 urte bete baitira aurten.

Bermeoko alkate Aritz Abaroa teila botatzen Izaro uhartearen parean, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bermeo
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Zuria, grisa, kolore deigarriagoa duen jantziren bat tarteka, laranja, arrosa. Eta, jarraian, urdina, urdina, urdina. Goiz-goizean, Bermeoko (Bizkaia) portuan kaioen hotsa ozenagoa da oraindik jendearen berba zarata baino, bakan batzuk daude paseatzen, bikoteren bat ari da gosaltzen Lamera parke ondoko terrazetan, eta, hala ere, nabari da ez dela ohiko egun bat, hala iradokitzen baitute zenbaitek daramatzaten mahonezko arropek eta arrantzale zapiek: martxa hartzen ari da Madalen eguna.

Emakume zamatu batek presaka zeharkatu du parkea, andana bat aulki plegaturekin. Tabernak ireki dituzte, eta beharrean ari dira hainbat, terrazak atontzen. Jaiaren aurreko prestaketak dira, diskretuak oraindik, bi ordu eskas falta direlako usadioa berreskuratzeko: bi urteren ondoren, itsasontzien segizioak Bermeo utziko du, eta Izarora abiatuko da ostera ere.

Petardo batek esnatu ditu biztanleak. Eztandak hauspotuta ekin diote kalejirari musikariek, udaletxe aurretik irten dira, eta handik gertu dagoen Eupeme Deuna elizaraino egin dute hasierako ibilaldia; agintari andana bat bildu zaie, eta bermeotar batzuk ere agertu dira ekitaldira. Jendetsuagoa izan da bigarren kalejira, meza ostekoa: portua zeharkatu dutenean danbor eta txistu doinuek lagunduta, ugaritu egin dira figura urdinak; poliki-poliki, gailentzen ari da kolorea, batez ere tabernetan.

Festa eta tradizioa uztartzen dira Madalen egunean, eta horrek egiten du «berezi», Bermeoko alkate Aritz Abaroaren ustez. Egunaren bi aldeak azpimarratu ditu, musikari taldeari jarraitzen hasi baino lehen. «Badago ondare kultural bat, bermeotarrek ezagutzen dutena, eta badago jai girorako gogo hori ere». Eta, hain zuzen, portura biltzen hasitakoak dira horren erakusle. Festara batu da jada Gotzone Abasolo, esaterako: bost-sei lagunekin batera dago garagardo bat hartzen, zutik, eta laster txalupara igoko dira denak irlara bidean. «Garrantzitsua» da Madalen eguna harentzat, lagunekin ospatzeko aukera bat delako, dioenez, eta kuadrilla andana bat batzen delako Izaro inguruan.

Baina, era berean, usadioak ditu buruan. «Ohitura ez galtzeko egiten da. Teila botatzen da, eta horrek zehazten du noraino ailegatzen diren gure mugak. Tradizio handia dago, txikitatik ikasi dugu hori: gure gurasoek egiten zuten, eta guk ere bai». Herriko «egunik handiena» iruditzen zaio, iraileko Arrantzale egunarekin batera, hala nola Bermeotik haragokoa delako: teila bota eta gero, Elantxobera joaten dira, eta hango alkateak aginte makila ematen dio Bermeokoari; Mundakara mugitzen dira, eta han ere makila jasotzen du bermeotarrak. «Orduan, hiru herriak bat gara: hori ospatzen dugu».

Tragoak bukatu, eta pantalanera joan da Abasolo bere lagunekin, ontzia prestatzera. Hori bera egitear da Asier Itsaso ere: autotik pare bat garagardo kutxa eta jakiak atera berri ditu, eta lagunen zain dago orain. Bakiokoa da (Bizkaia), eta urtero joaten da Madalen egunera. Azken bi urteetan haren falta sumatu du, eta horrek bereziagoa egiten du aurtengoa.

Frantziskotarren omenez

Jaia itsasontzian ospatu izan du beti Jesus Apraizek ere, baina aurten lehorrean geratuko dira bera eta familia. «Eguraldi apur bat txarra dago: sagailoa eta haizea eman dute gaurko, eta arriskutsua izaten da». Azken urteetan uko egin dio Elantxobeko osteratxoari, orobat, hango portua lepo egoten baita, dioenez. «Ez da tokirik egoten, eta txalupa barruko alderdian uzten baduzu, gero ezin duzu irten nahi duzunean. Umeekin joateko, gaitza da». Badaki tradizioa hausten ari dela, hein handi batean itsas festa delako Madalen eguna, baina pozik ospatuko du, dena den. «Bermeon hasten da jaia, eta Bermeon amaitzen da. Bermeotarra esploradorea izan da beti: jaia non, hara joaten gara. Eta hara joaten ez bagara, transformatzen dugu beste jai bat».

Lasai abiatu da barkuen segizioa eguerdian, baina Bermeoko kai muturra gainditu bezain pronto, igartzen hasi da Apraizek iragarritakoa: olatuek etengabean astindu dituzte txalupak. Izaroren parean gelditu dira ontziak, eta Abaroa teila eskuetan bildu da ertzera. Aurten, 600 urte bete dira frantziskotarrak uhartera heldu zirela, eta, efemeridea gogoan, Bermeoko frantziskotarren monasterioko teila bat aukeratu dute uretara jaurtitzeko. Alkatearen esanetan, herriko bizitzan «parte hartze aktiboa» izan dute, are lehendik ere, Bermeora XIV. mendean heldu baitziren. Irrintzi artean, teila altxatu du Abaroak, eta patxada osoz bota du itsasora. Ondoren, Elantxobera abiatu da itsasontzi multzoa, eta, han, mahonez pintaturiko portu batek eman die ongi etorria bermeotarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.