gorka julio
IRLEN SAREA

Trena

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Martxan doan trenean, gora igo behar. Mila aldiz erabilita ere, erabilgarria da trena. Teknologia eta jendartearen artean egokitzeko zailtasunak irudikatzeko balia daiteke; askok horrela bizi baitute.

Teknologiak tren geldiezin bat dirudi, eta gu tren horrekiko posizionatzen gara. Gutxi batzuk trenaren barruan eroso doaz, beste batzuk trenaren bila atzetik iritsi ezinda, eta beste batzuk trena ez hartzea erabakiko dute.

Trenean eroso daudenak zein diren argi dago. Teknologia berriak, ustez menderatzen dituztenak, beren erabilera ezberdinetara egokitzeko gaitasuna dutenak. Beren eserlekuan eroso egongo dira, beste batzuk treneko kafetegian edo komunean, baina hobe lukete makinista zein den galdetuko balute. Nork aukeratu du norabidea, zergatik abiadura hori, zertarako?

Beste gutxi batzuek teknologiak eta honek dakartzan hobekuntzatako askori uko egitea erabaki dute. Nahiago dute geltokian gelditu, leku segurua delakoan. Pasatu berri den trenak, bere bizitzetarako zer ekarpen positibo ekarriko lukeen pentsatu edo itxaron gabe. Gero eta gutxiago direla konturatu gabe bizi dira, batzuk konturatuta, baina erabaki horri eutsi nahian. Gehiengoak, trena harrapatu nahian, ezinean dabiltza, ia behartuta, trenera igo nahian. Txartelik gabe, korrika salto egiten duenik ere bada, trenera igo eta errebisorea etortzean botako duela jakitun bada ere. Geltokian daudenak harriduraz begiratzen dituzte eta leihoetatik agurtzen dituzte irribarrez trenean daudenak. Zergatik igo behar dut, nola iritsi naiz honaino, nola egin dezaket nahi dudan hau? Galderak egiten dituzte, erantzunik jaso gabe. Trenaren barruan, trenera igotzen edo trenari begira daudenak... denak gara gu. Teknologiaren erabilerari dagokionez, gehienok trenaren metafora ontzat hartuko genuke: teknologo saltseroek, Whatsapparekin ezin moldatu dabiltzanak edo sakelakoa ez izatea erabaki duenak.

Aldiz, trenaren metafora baztertu beharko genuke, teknologiek, beste gauza guztiek bezala,ez dutelako norabkide bakarra. Trena geldi genezake, baina hobe trenbidetik atera, denon artean norabide berriak erabaki eta beste norabide batean martxan jartzeko. Beharrezkoa balitz gurpilak jarrita; espaziontzi bihurtuta, hobe. Baina, behingoz, norabidea denok (eta bakoitzak) hautatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.