gorka julio
IRLEN SAREA

Estatuen indarra Huawei aferan

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Huawei enpresa txinatarrari AEBek ezarritako mugak zuzeneko eragina izan dezake beste hainbat enpresetan edo ezerezean gelditu hiru hilabeteko epean exekutatzen ez bada. Hala ere, Huaweiren teknologiekin AEBetako enpresek hartu emanik ez izateko aginduak, estatuek oraindik duten indarra erakusteaz gain, teknologia burujabetza eta jabetza intelektualari buruz ere eztabaidatzeko balio du.

Atzean, 5G sarearen garapenean lidergoa zeinek duen dago jokoan. Telekomunikazio enpresek nahiago dute azpiegitura zaharretan prezio merkeetan lehiatu baino, inbertsio handia beharko duten zerbait berrian jardutea. Horrek dakarren negozio bolumena izugarria izango baita. Huaweik garapen abiadura handia izan du alor horretan. Eragina mugatzeko saiakera dago, beraz.

Erabaki horren ondorioz, Huawei enpresaren gailuek ez dituzte Googlen Android sistema eragilearen eguneraketak izango. Beste mugen artean ARM txipentzako instrukzio sortak duen jabetza intelektualari lotutakoa dago. Gehien erabiltzen diren txipek ARM arkitektura eta arau sorta baliatzen dute. Txipak ez ditu enpresa bakar batek sortzen, baina lizentzia bat beharrezkoa du horiek egin ahal izateko, eta hori ere estatuen markoan arautzen da. Multinazionalen erraldoien aurrean, estatuen papera gutxiesten dutenei zer pentsa eman beharko lioke aferak.

Trumpen estatuak dituen tresnak baliatu ditu, bere interesak defendatzeko, sistema kapitalistaren markoan. Hori gutxi balitz, jabetza intelektual mugatzaileak interes pribatuari, publikoaren gainetik gailentzeko aukera ematen dio, arma erasokor bezala. Burujabetzaren gaia mahai gaineratzeko balio badute ere, ez dute burujabetza askatzaile baten inplementazioan laguntzen. Burujabetza bezala uler daiteke, baina estatuek dituzten tresnen marko ez askatzailean; ez dute herritarrentzat burujabetza emantzipatzaile bat irudikatzen alegia.

Baina tresna berak, estatua eta jabetza intelektuala, begirada askatzaile batekin erabiliak kontrako efektua lortzeko ere balia litezkeela erakusten dute aldi berean. Burujabetza teknologikoaren kasuan, herriek eta komunitateek merkataritza auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko eskubidea bada, hori martxan jartzeko erabiltzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.