Iruña-Veleia, epaiaren zain

Akusazioak «frogatutzat» du Eliseo Gil dela Iruña-Veleiako grafitoen egilea. Defentsaren ustez, faltsutasunaren ideia da «abiapuntua», eta errugabetasun presuntzioa urratu da
Iruña-Veleiako piezei buruzko epaiketako irudi bat.
Iruña-Veleiako piezei buruzko epaiketako irudi bat. J. RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 20

Epaiaren zain geratu da Iruña-Veleia auzia. Alde guztiek azken ondorioak eman zituzten atzokoan Gasteizko lehen zigor salan, eta akusazioek «frogatutzat» eman dute Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia dela 2006an iraultzailetzat aurkeztutako grafitoen egilea, eta hiru elementu nabarmendu dituzte oinarritzat: grafologia ikerketak, aztarnategian ibilitako arkeologoen lekukotzak eta Espainiako Kultur Ondarerako Institutuaren ikerketa. Aldundiko abokatuaren hitzetan, «argia» da Gilen egiletza, eta guztia aldez aurretik pentsatua zeukala erakutsi du epaiketak. Hasieran, fiskalak eta Arabako aldundiak ondarea hondatzea eta iruzur egitea egozten zioten Gili, baina azken unean omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi dizkiote, eta hori argudiatzeko baliatu zuten atzoko eguna. Bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute Gilentzat guztira, eta bi urte eta sei hilabetekoa Ruben Cerdan ikertzailearentzat, ustez egin gabeko ikerketa batzuen truke dirua kobratu zuelakoan. Bi akusatuen defentsek absoluzioa eskatu zuten, eta Gilen abokatua kexu agertu zen akusazio berriengatik.

Gilek ere hartu zuen hitza saioaren bukaeran: «Sufrimendu ikaragarria ekarri dit epaiketa honek». Esan zuen, ordea, fedea duela justizian, eta bere errugabetasunari eutsi zion.

Azken unean, omisioa eta dokumentuak faltsutzea egotzi ahal izateko nahikoa jurisprudentzia dagoela argudiatu zuen fiskalak. Epaileak onartuko balitu, delitu horiek atea zabaltzen diote Gil zigortzeko aukerari, baita piezak berak faltsutu zituela frogatuko ez balitz ere. Fiskalaren ustez, aztarnategiko zuzendari zen neurrian, bertan gertatzen zenaren jabe baitzen Gil, eta, beraz, baita arduradun ere, ustezko faltsutzeak berak edo beste norbaitek eginda ere. Fiskalaren hitzetan, Gil autorea ez izanik ere, ardura postuan egonik, entzungor egin zien arkeologoen metodoa zorrozteko eskariei, eta «aurrera ihes» egin zuen, piezak jendaurrean aurkeztuz. Eta, fiskalaren ustez, ekintza horiek erakusten dute bazekiela zer ari zen gertatzen.

Hasieran, 285.000 euroko konpentsazioa ere eskatzen zioten Gili, 476 pieza hondatu zituztela kalkulatuta, eta haietako bakoitzari 600 euroko balioa ezarrita. Baina, atzo azaldutakoaren arabera, 102.600 euro eskatzen dizkiote, azkenean, ustez faltsutu zituen piezak 291 izan zirelakoan.

Aldundiko abokatuak bat egin zuen fiskalarekin, eta esan zuen grafologia ikerketetan Gil egiletzat jotzeko aski froga daudela. Haren ustez, Gilek nahita erabaki zuen hutsuneak zituen metodo arkeologikoarekin aurrera jarraitzea, baina ez arduragabekeriaz, baizik eta lana «aski gaizki» egiteak aukera uzten ziolako pieza faltsuak sartzeko.

Faltsutasuna, abiapuntu

Gilen abokatuak gaitzetsi egin zuen akusazioen jarduteko modua. Haren ustez, Gilek ustezko faltsutzeak egin dituelako frogarik aurkeztu ez dutelako gehitu dituzte beste bi akusazioak azken unean. Delitua egiteko motiborik ere ez zeukala esan zuen atzoko saioan, eta epaiketan ez dela agertu motibo horien aztarnarik. Gainera, abokatuarentzat nabarmena da iritzi publikoari piezak faltsuak direla sinetsarazteko «asmo obsesibo bat» egon dela. Horregatik uste du, politikoki, sozialki eta mediatikoki jadanik Gil kondenatuta egon dela 11 urtez.

Grafologia ikerketak ez zituen balekotzat jo, eta oraindik zabalik dagoen eztabaida zientifiko bat auzitegian ixteko gogoa txarretsi zien fiskalari eta Arabako aldundiko abokatuari. «Faltsutasunaren ideia da abiapuntua, inozentzia presuntziorako eskubide eta bermerik gabe». Defentsaren arabera, gainera, ez da frogatu arkeologoak zuzendaritzaren metodoari buruz kexatu zitzaizkienik, aztarnategia utzi eta gerokoak direlako kontakizun horiek denak. Haren esanetan, Gilek berehala egin zion kasu Amelia Baldeon Arabako Arkeologia Museoko zuzendariak aztarnategian kamerak jartzeko proposamenari.

Zaintza katea ere ez dela bete gogoratu zuen, eta instrukzio faseko atestatua ez zela ongi egin. Epaiketa bertan behera uzteko eskaria egin zuen horregatik.

Cerdan eta Escribano

Cerdan ikerlariaren kasuan, akusazioek esan zuten epaiketan ez duela aurkeztu ikerketen frogarik, baina Cerdanen abokatuak defendatu zuen instrukzio faseak iraun duen urte guztietan inork ez zizkiola eskatu. Defentsaren ustez, ez dago iruzurra egin zuen frogarik. Absoluzio a eskatu zuen horregatik, eta errudun joko balute, epaiketaren atzerapenak defentsarako ekarri dion eragozpena kontuan hartzeko.

Oskar Escribano zen auziko hirugarren akusatua. Eta hark lehen egunean adostu zuen urtebeteko kartzela zigorra fiskalarekin, pieza batean Veleia izena idatzi zuelako, «broma» modura.

Epaiketaren laburpena: Zigor txikiagoei atea irekita

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pilotazale batzuk maskararekin, uztailaren 4an Labriten. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Maskara beti jartzea derrigortzea aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua

Berria

Gutxieneko distantzia mantenduta ere neurri hori ezartzea aztertzen ari da, azken agerraldietako joera eteteko.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldiarekin lotuta 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira, 64 positibo berri erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna