Kimutik kimura

Lehenbiziko Gernikako arbola XIV. mendekoa zela uste dute adituek, eta hartatik sortu dira hurrengoak. Azkenengoak 28 urte zituen, eta 2005etik aurrera izan da askatasunen arbola.

1922. urtean Eusko Ikaskuntzak omenaldia egin zion Gernikako arbolari. HITZA.
Iker Tubia.
2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Edozein izaki bizidun bezala, belaunaldiz belaunaldi iraun du Gernikako arbolak. Haren aurretik beste batzuk hil ziren, eta hurrengoa ere ez da betiko zutik egonen euzko-lur gainean. Bizkaiko foru eta askatasunen ikurra, euskaldunen askatasunen ordezkari sinboliko bihurtu zen gerra karlisten ondoren, eta Joxe Maria Iparragirreren kantuaren hitzekin. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak karguaren zina egiten du haren itzalpean.

Bizkaiko Batzar Etxearen aurrean dago arbola. Haritza da. Beti ez da hor egon, baina. Hala azaldu du Txato Etxaniz historialariak. Adibidez, 1742an tribunaren atzeko aldean landatu zuten. Beranduago ere, 1979an, zuhaitza landatu zuten atzeko parte horretan. Otsailaren 3an izan zen, eta Ramon Rubial garai hartako Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakariak egin zuen, 30 lagun inguru bildu zituen ekitaldian. Han zen Etxaniz bera ere. Baina zuhaitz hori ez da Gernikako arbola izan. «Zuhaitz hori, gaur egun, atzeko partean dago, primeran, eder eta sekulako hostoekin; itxura ezin hobea du. Baina inoiz ez da berari buruz hitz egiten. Arbola zaharra edo jatorrizko arbola litzateke», dio historialariak.

Kimuz kimu ailegatu da Gernikako arbola XXI. mendera. Etxanizek esan du idazki batzuen arabera, lehen, haritz bakarra ez, hariztia zegoela Gernikako Juntetxean. Haietako bat erabiltzen zuten batzordeak egiteko. Hiltzen zenean, beste bat erabiltzen zuten. Ezagutzen den lehenbiziko arbola XIV. mendekoa da. 1811. urtean hil zen Aita Haritza izenez ezaguna den zuhaitza. 1742an landatu zuten bigarren zuhaitza, eta aurrekoa hil zenean izendatu zuten askatasunen irudi. Haritz Zaharra deitzen dute, eta 1892an hil zen. Horren enborra tenplu itxurako aterpe batean dago gorderik oraindik.

Kioskoaren aurrealdean zuhaitz bat landatu zuten 1859an, baina bi urtera idortu, eta beste bat landatu zuten 1861ean. Haren azpian zin egin zuen Agirre lehendakariak. Zuhaitz horrek hartu zuen 1892an hil zenaren lekukoa, eta 2004. urtera arte iraun zuen, baita faxisten bonbardaketatik onik atera ere. Hala ere, arazoak izan zituen hasieratik.

2004. urtean 1979an landatutakoak hartu behar zuen lekukoa, Etxanizen arabera; baina ez zen hala izan. Haren kimua duen beste zuhaitz batek hartu zuen tokia, 2005ean. Historialariak esan duenez, toki aproposagoa bilatu beharko lukete hurrengo Gernikako arbola egoera onean eta luzaroan bizi dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.