Turismoa

Eguzki izpiek erakarritakoa

Bi urteko geldialdiaren ostean, uda garaiko berezko martxa berreskuratzen ari da Gran Camping Zarautz kanpina, betetzen ari baita uztaila iristearekin batera

Bi mutil, Zarauzko Gran Camping Zarautz kanpinean, atseden hartzen. M.A. / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Zarautz
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Oraindik ez dira goizeko hamaikak Gran Camping Zarauzko erlojuan (Gipuzkoa), baina gogor jotzen du eguzkiak, hala ere. Horrexek esnarazi ditu, hain zuzen, bisitari batzuk. Beste batzuk, berriz, mahai tolesgarri baten inguruan daude dagoeneko, inguruko zuhaitzen gerizpean gosaltzen.

Bada ordubete esnatu direla Nuria Lopez eta bere lagun taldea. Bederatzi dira denera: hiru bikote eta beste hiru haur. Igandean iritsi ziren Fuente Palmeratik (Kordoba, Espainia) furgonetan, baina ez da euren lehendabiziko geldialdia. «Duela hiru egun abiatu ginen, eta hemen pasatu dugu hirugarren gaua». Lehen aldia dute bertan, eta gustura egon direla adierazi du: «Leku zoragarria da haurrekin etortzeko». Trasteak jasotzen ari dira helduak, eta furgonetan sartzeko deia egin diete haurrei. «Mugi, bagoaz-eta!». Hondartzan bainu bat hartu, eta Asturias (Espainia) aldera dira abiatzekoak arratsaldean.

Ingurura begiratuta, askotariko kanpadendaz josita dago kanpina. Muntatzen errazak diren horietakoak dira batzuk, eta handiagoak, berriz, beste batzuk. Familia asko daude, Lopezen antzera, haurrekin egonaldi bat egitera joan direnak. Eta, hain zuzen, horixe da Gran Camping Zarautzenhelburua, hein batean. «Familia giroko kanpin bat da gurea, eta hori sustatzen saiatzen gara», esan du Irati Sesma kanpineko zuzendariak.

Ingelesez ari dira bisitari gehienak. Gainera, asko kanpotarrak direla baieztatzen dute autoetako matrikulek. Nolanahi ere, Sesmak ziurtatu du inguruko herrietatik ere jende ugari joaten dela bertara, lasaitasun bila: «Oso kanpin handia da gurea; beraz, toki askotako jendea etortzen da hona. Esango nuke berdintsua izaten dela ingurutik zein atzerritik etortzen diren bisitarien kopurua».

Harrera lekutik irten berri dira Elena Pajares eta haren senarra, kanpineko mapa esku artean dutela. Zaragozatik (Espainia) iritsi ziren atzo, eta iritsi bezain pronto eman zioten hasiera euren bidaiari. «Eguraldi paregabea dago, eta eguna aprobetxatu nahi dugu goizean goizetik». Egina dute plana dagoeneko, herritarrengana zein kanpineko langileengana jo baitute aholku eske: «Hondartzan pasatuko dugu goiza, inguruan zerbait bazkaldu, eta Getariara joango gara, Balentziaga museora». Azaldu dutenez, izanak dira lehenago Zarauzko kanpinean; gustura egon ziren aurrekoetan; beraz, errepikatu nahi izan dute.

Surfeko taula bana besazpian hartuta, kanpinetik hondartzarako bidea hartu dute hiru mutilek. Kanpinetik bertatik ikusten da hondartza, eta bide zuzena dago, gainera, horra ailegatzeko. Kuadrillan etorri dira hiru mutilak, eta palekin jolasean dabil kuadrillaren beste erdia. Madrildik iritsi ziren uztailaren 8an, eta 15era arte geldituko direla azaldu du horietako batek, Gabriel Lablancak. 18 urte dituzte, eta lagunartean egiten duten lehen bidaia dela azaldu dute. Lagun batek eman zien kanpinaren berri: «Handia dela eta hondartzatik gertu dagoela esan zigun, eta, egia esan, oso gustura gaude». Gaineratu du kasik bi urte direla Madrildik atera ez direla, eta ederki etorri zaiela egonaldia, «deskonektatzeko»: «Oso leku lasaia da kanpin hau lagunekin etortzeko, eta uste dut denok behar genuela horrelako zerbait».

Horixe bera nabarmendu du kanpineko zuzendariak. Izan ere, bi urteko geldialdiaren ostean, jendearen ateratzeko beharraz aritu da, eta adierazi du horrek sektoreari laguntza eman diola: «Lazgarriak izan ziren gure sektorearentzat aurreko bi udak, baina badirudi buelta emateko bidean gaudela». 12 ditu uztailak, hasi besterik ez da egin uda, eta Sesmak esan du «primerakoa» izaten ari dela denboraldiaren hasiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.