Gastronomia

'Arabatxo', arabarren pastela

Arabako Gozogileen eta Pastelgileen Elkartekoek lurraldeko zortzi produktu batu, eta pastel bat sortu dute. Aldundiak uste du «zaporea eta identitatea» elkartzen dituela.

Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenerako diputatua eta Luis Lopez de Sosoaga gozogilea. QUINTAS ARGAZKILARIAK.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Oliba olioa, eztia, gatza, txakolina, ardoa, patata, gazta eta marrubiak. Zortzi produktu, eta guztiak arabarrak. Elikagaien zerrenda hori irakurriz gero, lehen takada batean bederen, inor gutxik asmatuko luke segur aski zer egin daitekeen horiek nahastuz. Izan daiteke loturarik ez egotea elkarren artean, besterik gabe ausaz hautatutako osagaiak aipatzea, baina, kasu honetan, ez da horrela. Izan ere, gozogileak ere sortzaileak dira, eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteko kideak sorkuntza prozesu batean murgilduta egon dira azken hilabeteotan. Ideia bati tiraka egin dute azken sorkuntza lana, diputazioarekin elkarlanean, eta, beraz, hemendik aurrera Arabak badu bere pastela: Arabatxo du izena.

Tarta horren egileetako bat ez ezik, gozogilea eta elkarteko lehendakaria ere bada Luis Lopez de Sosoaga, eta adierazi du sorkuntza horren helburua arabar guztien mahaietako «postre tradizionala» bilakatzea dela. «Uste genuen beharrezkoa zela gure lurraldeko lehengaiez osatutako zerbait egitea, besteak beste, Arabako bandera izan zedin, eta martxan jartzea erabaki genuen». Bertan ekoitzitako zortzi produktu erabili dituzte horretarako, hala nola Añanako gatza eta Arabako Errioxako oliba olioa eta ardoa, eta hori gogoan izanda jarri diote izena sorkuntzari ere: «Hitz generikoa eta tipikoa da, eta ekoizle guztien artean pentsatutakoa: hurbilekoa da, eta aise ikastekoa».

Produktuak, beraz, arabarrak dira, eta horrek duen garrantzia azpimarratu du Lopez de Sosoagak: «Pastelak mezu bat dakar berarekin: lehendabizi, bertakoa kontsumitu behar da, eta, ostean, kanpokoa; eta orain gehiago, izurriteak eragindako ondorioei erreparatuta». Haren arabera, gozogile guztien artean «kalitatezkoa eta tradiziozkoa den opil indartsu bat» egin dute, dastatzearekin batera «gozatu» daitekeena. Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenerako diputatuak ere nabarmendu du sorkuntza gastronomiko horrek «zaporea eta identitatea» elkartzen dituela, egileek «urrats bat» egin dutela opilarekin, eta tokiko produktuekin eta ekoizleekin duten «konpromisoaren» adibide dela.

Lortutako emaitza

Egileetako bakoitzak bere alea jarri du pastel horretan, eta bi hilabeteko lanaren ostean amaitu dute osatzen. Hainbat kapa ditu, produktuetako bakoitzarekin eginak, eta horren berri eman du gozogileak: «Bizkotxo bat du azpialdean, olioarekin, eztiarekin eta gatzarekin egina, eta Arabako txakolinarekin eginiko chantilly krema bat gainaldean». Beste geruza bat du ostean, eta Arabako Errioxako ardoarekin eginiko krema bat. Patatarekin osatutako kurruskaria eta ardoarekin sortutako galleta bat ere baditu, eta Idiazabal gaztarekin eginiko gazta bat gainean. «Bukatzeko, marrubizko marmeladarekin egindako kapa fin bat du, eta Arabatxo jartzen duen zigilu bat, marka bat balitz bezala».

Pastelak izandako harrerari dagokionez, gozogileak jakinarazi du erantzuna «ona» izaten ari dela, eta baita lehen salmentak ere. «Ezinezkoa zirudien elikagaien batze horrekin era honetako pastel bat egitea, baina ahora sartzean oso suabea eta ona da, nork esango luke! Jendeak gogoz hartu du, eta atera orduko sekulako arrakasta izan du».

Hain zuzen, elkarteko partaide direnen gozotegietan aurki daiteke pastela, baina oztopo baten berri eman dute: «Munduan arazo bat dago biltzeko paperekin, eta ezin digute ekarri urtarrila bitartera arte, aurreikuspenen arabera; beraz, ezin ditugu pastelak batu». Horren ondorioz, Lopez de Sosoagak zehaztu du eskasi horrengatik soilik enkarguz eginak zituzten eskaerei ari direla erantzuten, ez dagoelako guztientzako paketatzeko aski material. «Ilusioz ekin genion lanari, baina orain itxarotea falta da; indartsuago itzuliko gara urtarrilean, ez izan dudarik».

Beraz, lehen balorazioak egiteko, pastela dastatzea besterik ez da gelditzen. Zorte pixka bat duenak oraindik eskuratu dezake aleren bat edo beste gozotegietan, baina, osterantzean, itxaron egin beharko da material guztia izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.