La Passem

Bide guziak 'Ziutaterat'

La Passem abiatuko da ortzegunean, eta Okzitanian gaindi ibiliko da okzitanieraren alde. Paueko La Ciutat gunean akituko da, oraino estreinatzekoa den proiektu berritzailean.

2018ko lehen La Passem, iaz ez baitzuten lasterka egin ahal izan. LA PASSEM.COM.
Ainize Madariaga
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
La Passem Okzitaniako Korrika abiatuko da ekainaren 2an, eta Okzitanian barrena seiehun kilometro kurrituko ditu okzitanieraren alde, ekainaren 5eraino, Ligams elkarteak antolaturik.

Hirugarren aldia Sent Martin de Senhasetik abiatuko da, eta Pauen akituko, bertzeak bertze, Ahurti (Lapurdi) eta Bidaxunetik (Nafarroa Beherea) iraganez. Duela bi urtekoak baino berrehun kilometro haboro ditu aurtengoak. Korrika bezal-bezala, La Passemek ere baditu mezu sekretua garraiatzen duen lekukoa eta kilometroak salgai. Que s'i torna hartu dute aurtengo lema. Helburu nagusia, la lenga nosta (gure hizkuntza) transmititzea: «Okzitaniera, gaskoia, bigorrera, biarnera... ez du inportarik nola deitzen zaion, lenga nosta baita berdin-berdin! Lasterketa honen irabazle bakar hura eta bera da!», erran du Daniel Barneix Ligams elkarteko lehendakariak. Hala, elkarteari Ligams izena jarri diote, lotura edo harremanak adierazteko, hori baitute xedea: belaunaldien arteko lotura segurtatzea, okzitanieraren transmisioa, beraz. Hala, kilometroen salmentak ekarri dirua hizkuntzaren balorizazioa eta transmisioa akuilatzen duten proiektuei emanen diote, 2018an eta 2020an egin zuten bezala. Lehen aldiko antolaketak 48.000 euro ekarri zizkion okzitanierari, zeintzuk zazpi proiekturi isuri baitzituzten, bertzeak bertze, calandreten (okzitanierazko ikastolak) federazioari Billereko (Biarno) calandreta irekitzeko. eta Reclams elkarteari okzitanierazko hiztegiaren arra-argitaratzeko.

170 herri baino gehiago zeharkatuko ditu La Passemek, Pauen bururatzeko. Baina ez nonahi: oraino aski ezezaguna den gune estreinatu gabean: La Ciutaten.

La Ciutat izaitearen bihotza

«5ean gertatuko denak sinbolizatzen du La Ciutat bera. La Passem iritsi beharra den egun berean ihauteriak ospatzekoak baitira ere. Elkarlan ederrean aritu dira, eta asmatu dute zerbait berria; biez bat, halako desfilea gertatuko da. Garrantzitsua zaigu hiria animatzea, ez baita aski eraikinak ukaitea, behar da biziarazi, kantatu, dantzatu, hizkuntza entzunarazi, eta hiri osoan, ghettoan egon gabe, gure gotorlekuan», zehaztu du Vincenç Javaloyes La Ciutat elkarteko zuzendariak.

Paueren alde zaharrean kokatua da La Ciutat, hiriaren bihotzean okzitaniera eta bere kulturaren taupadaren herrixka gisa deskriba daiteke: sei eraikin zaharberritu dituzte, kultura eta okzitaniera bultzatzeko. Baina ez ditu herrixka batek bere baitan eraman ditzakeen alde txarrak garatu nahi, ez, horregatik hartu dute Ciutat izena, hiria. Hain xuxen ere, hiriari doakion aniztasunari dei eginez: «Ez badiogu geure buruari bortxatzen hibridaziorako, kasu! Horregatik, ez dugu herrixka izena eman, baitakigu herrixken arriskua zein den. Behar dugu makina elikatu bertze begirada, kultura, nortasunak ekarraraziz; oinarrizko baloreetan dago hasieratik, indioen herrixka bat bilaka ez dadin», azpimarratu du Javaloyes.

Proiektuan parte hartzen duten 30 bat entitateek oro izenpetua dituzte oinarrizko balore horiek. Hala, Paueko alde zaharrean dabilenak, Henrike IV sortu zen gazteluaren magalean, nekez hutsegin dezake Hedas auzoan dagoen La Ciutat gunea: erabat arra-berritu dituzten eraikinek inguratzen baitute plaza. Aprenemizeneko eraikinak, izenak salatzen duen gisan, ikastea du helburua, ludoteka dute paratu hor, Arcuelhem eraikinean, berriz, ostatu liburu denda dago; han zerbitzatzen du kafea eta literaturaz gomendioak ematen Frederic Handik, okzitanieraren sustatzaile sutsuak. Helburu nagusia delarik okzitanierara gomitatzea. Cerquem guneak ikerketa du helburua, interpretazio zentroa, praktika kulturalerako tailerra eta bulego partekatua ezarri dituzte hor. La Ciutaten berean, Pirinioetako ondare immaterialean murgiltzeko burbuila digital eta audiobisualaren interpretazio zentroa antolatu dute. Seigarren eraikina, Transmetem, transmisioari itzulikatua da eta pixka bat bereiz da: merkatutik hurbil. Hor instalatuak dira Paueko calandreta eskola eta kolegioa, aisi gunea, formakuntza profesionalaren lokala, eta partekatzen diren gela batzuk.

Lantegi kultural guzi horien erdian, jatetxe bat ere nahi dute ireki, bidean da, baina ez nolanahikoa: «Ez genuen kudeatze arrunta nahi, folklorikoa; boneta buruan eta ibili munduan, ez. HUM proiektua martxan dugu, erran nahi baita, gure sukaldeko artearen ondarearen berrinterpretazioa da: gure gastronomia eta aldi berean janari lasterraren arteko uztarketa. Proiektu pilotua da». Ekainaren hasmentan zabalduko ditu bere bortak.

La Ciutataren fundazioak

2016an du proiektuak jatorria. Alde batetik, Okzitanierarekiko hizkuntza politikak arrangurak piztu zituen, eta mugimendu zabal bat abiatu zen. Orduan, preseski, François Bayrou hiriko auzapezak desafioa bota zien hainbat eragileri: hiriko eraikin horietan proiektu bat proposatzea, ahal bezain bat eragile barne hartuko zituena eta ekonomikoki bizigarria izan zedin. «Kohesio batetik abiatu zen La Ciutat. 2016an mugimendu informal bat abiatu zen, politika linguistikari ihardukiz, salatzeko orduan aurkeztu zutena. Mugimendu hori ere bada La Ciutaten genesiaren parte, Bayrouren desafioak berak bakarrik ez baitut uste aski zatekeenik honen muntatzeko», oroitu da Javaloyes.

Eraikin horietatik ateratzen duten diruari esker ordaintzen diote alokairua herriko etxeari, gainerakoa, La Ciutaten baitako proiektu ez errentagarriendako baliatzen. Ostatuak, liburu dendak, lantoki partekatuaren eta bilkura gelen alokairuek dira haien diru sarrerak. Orotarat, egunerokoan 50 bat langilek elkar gurutzatuko dute han berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.