Teknologia berrietara egokitzen

'Konekta-tu' formakuntza programa sortu dute Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuek adineko jendearen eten digitalari aurre egiteko.

Antolatzaileetako bat parte hartzaile bati azalpenak ematen. M. MUJIKA.
Miren Mujika Telleria.
Irun
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Teknologia berriek eta horiek erabiltzeko irizpideek atzean utzi dute, oro har, adineko jendea. Eta, teknologia berrien atzetik ibili arren, harrapatu ezinik dabil asko eta asko. Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko zenbait ikaslek sortu dute horretarako giltza. Izan ere, hutsune digital hori betetzeko tailerrak antolatu dituzte Irunen, Gasteizen, Bilbon, Oñatin eta Iruñean, eta zortzi saio egingo dituzte herri bakoitzean.

Bete dira Irungo Mondragon Unibertsitateko 2. aretoko eserlekuak. Hamabostek eman zuten izena tailerrean, eta bat berak ere ez du hutsik egin. Eskutan dute denek telefonoa: tapadunak zein «modernoak» —ukipen pantailadunak—. Orri zuriak eta boligrafoak ere pronto dituzte, azalpenak emango dituztenen argibideak jasotzeko.

«Zer da tailer honetan ikasi nahi duzuena?», abiatu da Miguel Letamendi, antolatzaileetako bat. Segidan hartu du hitza formakuntzan parte hartu duen andre batek: «Nik ikasi nahi dut Internetetik medikuarenean hitzorduak hartzen, eta horrelako gestioak erraz egiten». «Nik sarean beldurrik gabe nabigatu nahi dut, inor ni engainatzen saiatu gabe», beste batek. Berehala erantzun die nahi horiei guztiei Lucas Hartek, beste antolatzaileetako batek: «Ikusiko duzue nola ikastaroko azken egunean gauza horiek guztiak askoz ere errazago egingo dituzuen».

Lehenengo urratsari ekin diote: wifia konektatzeari. «Nik inoiz ez dut lortzen hori jartzen, ez naiz gai ni bakarrik», esan du parte hartzaileetako batek. Antolatzaileen azalpenen ostean, lortu dute, ordea. Hala, egin dute hurrengo urratsera salto.

Parte hartzaileak ez dira dei susmagarriez fio, eta antolatzaileei eskatu diete erakusteko dei horiek ez jasotzeko trikimailuren bat. «Beldurra ematen dit nahi ez dudan zerbait erosi edo nahi ez dudan zerbaitetan izena emateak». Hala mintzo da parte hartzaileetako bat. Berehala erantzun diote antolatzaileek eskaera horri. Robinson zerrendan eman dute izena, spam deirik gehiago jaso ez dezaten. Egin dute hori ere, eta datorren saioan zer ikasiko duten galdetu diete antolatzaileei. «Whatsapp aplikazioa landuko dugu datorren klasean: argazkiak nola bidali kontaktu bati, adibidez». Ikastaroan parte hartu duten guztiek dute hori ikasteko desira; Maria Jose L.-k, adibidez. Azaldu du kosta egiten zaiola argazkiak non dituen ikustea, eta are gehiago gordeta daukan kontakturen bati bidaltzea: «Horrelakoetan beti deitu behar izaten diot nire lehengusuaren semeari. Gaztea da, eta azkar batean egiten dit».

Kontua da, ordea, euren kabuz eta azkar egin nahi dituztela «oinarrizko» gauza horiek; inori laguntzarik eskatu beharrik gabe. Eskertuta dago Maria Jose MUko ikasleek egin duten lanarekin, baina kexu da aldi berean: «Teknologiaz dakiten adituak ere arduratu behar dira, gazte hauek bezala, gure adineko jendeari horrelako saioak ematez, eurak baitira profesionalak eta irakatsi behar digutenak».

Interneten nabigatzeak nolabaiteko beldurra ematen diola gehitu du. Toki askotan, bilatu nahi den horretan aurrera egin ahal izateko, Internetek aukera bakarra ematen duela dio: «Onartu». Cookiez ari da. «Askotan ez onartzeagatik ez dut bilaketan jarraitzen, baina beste aukerarik ez dudanean onartu egiten dut, zer onartzen ari naizen jakin gabe ere».

Horretarako sortu da, hain zuzen, Konekta-tu programa: «Beldur digitalak kendu nahi dizkiegu, eta, oinarrizkoenetik hasita, izena ematen duten guztiei argitu nahi dizkiegu zalantzak», azaldu du Letamendik. «Guk ere baditugu guraso eta aitona-amonak; beraz, irudikatu ditzakegu saioetara datozenen zalantzak».

Bi belaunaldiak elkartu eta batak besteari azalpenak ematea «hunkigarri» egin zaio Letamendiri. Haren ustez, ariketa polita bezain aberatsa izan baitaiteke adineko jendearentzat teknologia berrietara egokitzea, «eskertuko duten zerbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.