Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bideo bidez ulertzeko

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Alfertuta daudela. Galduta dituztela kontzentratzeko eta ulertzeko gaitasunak. Falta zaizkiela oinarrizko ezagutzak auskalo zenbat gai eta alorretan. Batez besteko adierazpen maila hutsaren hurrengoa dela. Irakaslez inguratuta nago ezker-eskuin —hogeita hamarren bueltako ia edozein euskal hiztun dagoen bezala— eta ez da egunik halako purrustadarik aditzen ez diedanik. Analisia hainbeste errepikatzen bada, arrazoia dute, beharbada? Ez al du deskribapenak berdin balio ikasle izateari aspaldi utzi genion horientzat ere?

Argazki ezkor horren egiantzekotasuna epaitzea soziolinguista eta pedagogoei utziko diegu. Hobe mezu horien oihartzunari erreparatzea. Bi jarrera ekar ditzake, zein baino zein alferrikakoagoak: etsipena... —«saiatzen gara e, baina hauekin ezin da» edo nagusikeria —kakaume hauek noizbait espabilatu beharko dute—. Eskerrak hirugarren bat ere badagoen: zantzu horien atzeko kausetan arakatzea, ulertu eta eragiteko. Edo edukiak egokitzea, begi-belarrietatik gogorainoko bidea ahal bezain zuzenki egin dezaten.

Bokazio horrekin jaio den proiektua aurkeztu dute aste honetan bertan. Ikusgela du izena. Euskal Wikilarien Elkarteak gidatzen du, Eusko Jaurlaritzak lagundu du diruz, eta dozena erdi bat eragile jarri ditu su horren bueltan dantzan —bai, bizibide dudan Hiru Damatxo ekoiztetxea ere bai—. Pixkanaka euskal curriculumeko makina bat eduki eraman nahi ditu bideora. Eta egin nahi du erakargarriak (neurrian), arinak eta biziak izango diren ikus-entzunezkoen bidez. Wikipedia hornitzeko, baina baita Youtube eta sareak ere. Ez du kolpetik konponduko Uemak asteartean salatu zuen egoera —arnasguneetako nerabeek nagusiki gaztelaniazko edukiak ikusten dituztela—, baina horretan ere nahi du eragin. Azterketa bat gainditzen laguntzen badizu, edo klasean arretaz aditu gabeko informazioa azaltzen badizu bizi-bizi, nola ez zara izango fan?

Gaurko ikasleen deskribapen petralak helduontzat berdin balio duela bota dut. Baita Ikusgelak ere. Oinarrizko ekonomia, filosofia eta euskal literaturaren historia dira jorratuko dituen lehen hiru sailak. Nork ez du hutsunerik horietako gairen batean? Orain pixka bat eskurago dugu denok jakin-mina asetzeko aukera. Baita bi paragrafo segidan irakurtzeko gaitasuna galdu duenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.