Merkataritza

Aldaketak bazar txinatarretan

Izurritearen ostean, hainbat aldaketa izan dituzte bazar txinatarrek. Batzuek itxi egin dituzte negozioak; beste batzuek, lekualdatu edo eraldatu, arrazoi ugari dela medio.

Beste batzuek negozioari eutsi diote; Diputacion bazarrak, esaterako. R.B. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bazar txinatarrek loraldia izan zuten 2000ko hamarkadaren amaieran, gutxi gorabehera, batik bat Hego Euskal Herrian. Hainbat izan ziren ateak ireki zituzten negozioak; besteak beste, inon aurkitu ezin zitekeen horrekin topo egiteko parada eskaintzen zuten horietako gehienek. Hala ere, loraldi gehienek izaten ei dute beherakada, eta bazar txinatarren kasuan ere hala da. Birusak eragin zuzena izan du haiengan, eta hainbat dira beren burua aldaketa bat egitera behartuta ikusi duten herritarrak. Negozioak itxi, eta «Alokairuan» kartela eskegi behar izan dute horietako batzuek, eta beste batzuek lekualdatzeko edo eraldatzeko hautua egin dute. Euskal Herrian ere badira horrelako kasuak.

Eduardo Rubio Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Fang Xiao Bilboko Lu Xun ikasketa txinatarrei buruzko zentroko koordinatzaileak gai hori izan dute hizpide. Zehazki, EHUk eskainitako master bat sortu zuten elkarrekin, eta egun martxan ez badago ere, ikasketa horiekin helburu zuten Txinako historia, kultura eta ekonomia bertatik bertara ezagutaraztea.

Bi adituek Euskal Herriko bazarren egoera izan dute hizpide, hainbat izan direlako egoerara moldatu behar izan direnak, baina jakinarazi dute ez dutela itxierarik antzeman. Horretarako, hiri handietako eta txikietako egoera alderatu dute. «Madrilen eta Bartzelonan gerta zitekeen horrelako kasuren bat, baina, salbuespen gisa, hala nola interes handien kudeatzaileak daudenean atzetik, baina familia apalen kasuetan, gehienetan ez da horrelakorik gertatzen». Hain zuzen, hainbat hedabidetan zabaldu da bazarrak itxi dituztela bi hiri horietan, baina bertako komunitate txinatarrak zehaztu du arrazoia ez dela birusarekiko beldurra izan, baizik eta ekonomikoki aurrera ezin egin ahal izatea.

Horrelako kasu bat ei da Gasteizko Frantzia kalean zegoen Wan Long III bazarrarena. Ez da jakina zergatik itxi duten negozio hori, baina hiri bereko Diputacion bazarraren jabeak —ez du izen-abizenik eman nahi— ziurtatu du denda hori ez dutela berriro irekiko. Berak ez du negozioa itxi, baina azaldu du egoera ez dela «batere erraza», eta birusak zuzen-zuzenean eragin diela. Hiri bereko Di Xiang bazarreko kidearen ustez ere, koronabirusak «krisia» eragin du, eta, ondorioz, «ez dago irabazirik». Hala ere, ez du itxieraren baten kasurik ezagutzen; soilik negozio baten lekualdaketaren berri du.

Izan ere, bada errealitate hori ere: batzuek negozioa lekuz aldatzea erabaki dute, eta baita bazarren ordez beste negozio batzuk irekitzea ere. Horren berri eman dute bi adituek, BERRIARI idatziz erantzundako galderetan. «Familia txinatarrek ere bizimodua atera behar dute, eta, jardueraz aldatzea hobe dela uste izanez gero, aldatuko dute; lokalen alokairuetan dauden prezio aldaketak ere aprobetxatu ditzakete, eta, agian, merkeagoetara aldatuko dira, une horretan dauden lokalaren jabearekin akordioren bat egiten ez badute». Are, zehaztu dute pandemiaren ostean batik bat elikadurarekin lotuta dauden zenbait lokal ireki dituztela jatorri txinatarra duten herritar batzuek; esate baterako, jatetxeak, supermerkatuak eta gozotegiak.

Kontainerren prezioa

Egoera honetan eragin duen beste faktore bat ere bada: nazioartean itsas merkantzia garraiatzeko kontainerren prezioen gorakada. Rubiok eta Xiaok ez dute horren berri, baina hainbat adituk diotenaren arabera, gora egin dute kontainer horien prezioek, besteak beste gutxi daudelako eta baliabide pertsonalak ere murriztuta daudelako. Ondorioz, Asiatik, baina batik bat Txinatik datorren produktua ere garestiagoa da.

Errealitateak errealitate, bi adituek zehaztu dute txinatarrak pertsona «langileak» direla, negozio txikiak dituztela, eta normalean ez dituztela «konpainia handien interesak» ordezkatzen. Haien arabera, Txinatik etorritako herritarrentzat beren lana «garrantzitsua» da, eta toki jakin batean gelditzearen arrazoietako bat da «bizimodua ateratzea». Beraz, erantsi dute hori baino ez dutela egiten Euskal Herrian, eta hemen «gustura» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.