Albistea entzun

Sanferminak

Sumina koska bat estutu da sanferminetan

Prozesioa Curia kalean gora. Katedraleko ordezkariei kartelak erakutsi dizkiete.
Prozesioa Curia kalean gora. Katedraleko ordezkariei kartelak erakutsi dizkiete. IDOIA ZABALETA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko uztailak 8 - Iruñea

Labe baten moduan, Curia kaleko giroa berotu egin da. Sanferminen egun handian, prozesioaren amaieran, jendez lepo dago udaletxe plazatik hasita katedraleraino doan bidea, eta bereziki aldapa egiten duen karrikan, jendea biltzen hasi da. Kalearen goialdean, UPNko aurpegi ezagun batzuk elkartu dira, euren presentziarekin alderdiko presidenteorde eta Iruñeko hiriko alkateari gurutze bidea goxatu nahiko baliote bezala. Beherago, entzumena zorroztuz gero, euskara da nagusi.

Txistulari talde batek, tarteka, Ikusi mendizalea-ren doinua jotzen du. Kalean bildutakoek indar betez bultzatzen dute kanta: Gora Gora Euskal Herria, gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak. Abestuz, eremua markatzeko modu bat da. Giro onak, baina, haserrea ezkutatzen du. Tarteka, oihu batek gurutzatzen du Curia kalea, behetik gora: «UPN kanpora, UPN kanpora».

Kolore politiko guztietako jendea batzen du festak, eta haren erreferente diren elementuak eta eragileak: Kiliki, buruhandi eta erraldoiak, dantzariak, udaleko gaiteroak eta musikariak eta, nola ez, Pamplonesa musika banda. Hala ere, festetan, ereduen arteko talka bat dago, eta aurtengo aldiari begira alkateak egindakoak haserrea piztu du.

Alde batetik, aitzakiak bilatuz, Herri Sanferminak eta aurreko aldietan Antoniuttin tokia zuten etorkin elkarteak festaren erdigunetik kanporatu ditu. Era berean, jaien bihotzean, Gazteluko plazan, ostalarientzako zortzi txosna jarri ditu, eta bertako eserlekuak kendu. Uztailaren 6an, txupinazoa lehertu eta ordubetera, Carlos Jean DJ-aren doinu zaratatsuak eta argi mugimenduek Gazteluko plaza guztia bereganatu zuten. Atsegin zein ez, inposatu egin zen ekitaldi hori. DJ horri ordaindu zaion diruarekin zortzi egun eta erdiz Iruñeko kaleak doinuz betetzen dituzten musikari guztiak finantza zitezkeen.

Erabaki horiek guztiak bizilagunen eta sanferminetako eragile nagusien iritzia aintzat hartu gabe hartu ditu Enrique Maia alkateak; goitik behera, udalaren aginte makilaren autoritatez. Urte luzez, festa berezi egiten duen izaera herrikoiaren aurkako norabidea ezartzeak kezka eragiten du. Eta amorrua. Bi urteko hutsuneak eragindako ilusioak ezin du estali sumina. Iruindar asko haserre daude.

Igandean, peñek protesta egingo dute, baina sumina adierazteko toki aproposa da Curia kalea, noiz eta uztailaren 7ko egun handian. 14:15ean, erraldoien irudi handiak dantzan ageri dira Mercaderesen barrena, eta horrek gauza bat baino ezin du adierazi. Atzerapenarekin, baina azkenean badatoz.

Zortzi erraldoiak igaro ahala, baina, etenaldi bat egon da, eta irudi du Frantziako Tourreko etapa bat bihurtu dela prozesioa: kilikiek eta lau errege-erreginek aurrea hartu dute ihesaldian, eta, atzerago, tarte handiarekin, tropela dator. Alta, txirrindularien artean ez bezala, prozesioko partaide bakoitzak ordena jakin bat du. Begirada guztiak Iruñeko Francisco Gonzalez artzapezpikuarengana eta batez ere Enrique Maia alkatearengana zuzentzen dira. Maiarentzat, gaurko etaparen amaiera zaila da. Egun osoan, prozesioaren ibilbidea ordekan izan da: lasaia, eta tarteka aldeko txaloak jaso ditu. Alta, aurretik, Tourmalet geratzen zaio.

Immatrikulazioen aurka

Katedraleko kabildoa pasatu denean kartel andana erakutsi dute, eta artzapezpikutzari Nafarroako baselizen eta elizen jabegoa bere izenean jartzea aurpegiratu diote. Karteletako batean gogorarazi diote Jesusek ez zuela hori egiten.

Alta, protestarik ozenenak udalbatzak eragin ditu, batik bat Navarra Sumako hautetsiak eta alkatea bera igaro direnean. Hasierako tarte zaila igarota zuela zirudienean, Curia kalearen erdialdera garagardoa jaurti diote. Aurtengo bereizgarrietako bat polizia kopuru handia da: Iruñeko udaltzain talde handi batek babestu du udalbatza, eta haiekin batera daude militarren tankerako txanoak daramatzaten San Sebastian de los Reyes hiriko (Madril, Espainia) udaltzainak. Alkatea igarota, polizia gehiago agertu dira, eta haietako batzuek herritarrengana zuzendu dituzte kamerak. Dena grabatzen ari dira. Udaltzainek bultza egin diete protestan diren herritarrei, eta polizietako bat, atzean kolpe bat nabaritu duenean, buelta eman eta ukabilkadaka hasi da. Tentsioa are gehiago handitu da. Herritarrek erabilitako indarkeria aurpegiratu diete udaltzainei.

Alta, oihu artean, azkenean baretu da giroa. Ondoren erreakzio katea etorri da. Maiak «faxistatzat» jo ditu erasotzaileak. Artzapezpikuak «jasanezina» dela esan du. EH Bilduk adierazi du «istiluak tokiz kanpo» daudela. Gertatutakoa sintoma bat da. Pandemiaren aurreko aldietako tentsioa sumatu da, baina aurtengoan, koska bat estuago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»

Unai Etxenausia

Armestok biltegian gordeta zeuzkan lan batzuk aurkeztu ditu Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Marrazkiek «pertsonen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa» erakusten dute.
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu neurtzen egiten ditugun gauzek zer eragin duten inguruan»

Iker Tubia

Intsektu kopuruaren gainbeheraz ohartarazi du Ugaldek, Lurraren funtzionamenduan «oso garrantzitsuak» baitira. «Itxurakeria» albo batera uzteko eskatu du, eta kontserbazioa lantzeko.
 ©ETB

«Beste gauza batzuk probatu nahi ditut»

Urtzi Urkizu

Igandean, Gurrutxagaren agurra izango da ETB1eko 'Herri txiki, Amerika handi' saioan. Zortzi denboraldiren ondoren, beste aurkezle bat arituko da 'Herri txiki, infernu handi'-n.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...