Sanferminak

Adrenalina, gain behera

Langileen arabera, beroaren ondorioz geroz eta jende gutxiago joaten da barraketara; hala ere, beroak ez ditu denak geldiarazi. Crazy Bob-ek arrakasta handia izan du.

Bustitzeko aukera ematen duen barraka bakarra da. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Etxandi - Olaia L. Garaialde
Iruñea
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Amatxo maitea! Hilko gara! Gelditu makina! Maite zaitut, ama!». Beldur eta zirrara oihuak entzuten dira Iruñeko Arrotxapeko Runa parkean. Ohi baino jende gutxiago dago azken egunetan sanferminetako barraketan. Beroaren ondorioz, askok erabakitzen dute gauera arte barraketara ez joatea. Hala ere, beroak ez ditu denak geldiarazi.

«Lehenengo egunetan giro polita zegoen; 2019an baino hobea, baina, beroa gogor hasi zenetik, gainbehera ikaragarria izan da», azaldu du Alvaro Martinez Rocket barrakako langileak. Lehenengo egunetan, 11:30etik aurrera zabaltzen ari ziren barrakak; baina beroaren ondorioz, batzuk beranduago irekitzen ari dira, jendea ez delako joaten. «19:00etatik aurrera etortzen dira batez ere».

«21:00etan bidea mozten dute zezenak pasatzeko, eta 23:00etan ere bai su bestetarako; hortaz, bi ordu gaude lanik egin gabe, eta 23:30era arte ez gara lanean hasten», esan du Martinezek. Kontatu du egun batzuetan soilik lau ordu egin dutela lan. 04:00ak arte irekita egoteko baimena daukate.

Tecno Dance barrakan lanean dago Sonia Jaen. Ohi baino jende gutxiago etortzen dela esan du: «Jendeak adrenalina eta zirrara nahi ditu; jende asko ondoan dagoen barrakara doa». Crazy Bob barrakaz mintzo da. Jende askok aipatu du gehien gustatzen zaiena dela.

Bueltaka doazen bagoi modukoak dira; alde batetik bestera kulunka egiten dute ia buruz behera jartzeraino. Batzuek gogor eusten diote bagoiari; beste batzuek, ordea, eskuak askatzen dituzte adrenalina handiago sentitzeko. Ematen du geldituko dela, baina berriz hasi da martxan. «Zorabiatuta nago. Berriz? Uste nuen amaitzen ari zela», esan du gazte batek, jaisteko gogoz.

Inverter atrakzioak ere arrakasta handia izan du. Pendulu erraldoi bat da, bere baitan bira egiten duena. Eserlekuek ere bira egiten dute bitartean. Adrenalina maite dutenentzat ezin hobea da; izan ere, sabelean kilima sentsazioa eragiten du. Eserlekuek eta heldulekuak erre egiten dute, beltzak direnez beroa erakartzen baitute. Penduluak goia jo eta jendea buruz behera jartzean, oihuak entzuten dira.

Runa parkeko erdigunean hotel bat dago. Errealitate birtualeko betaurrekoen bidez, hoteleko igogailuan sartzeko aukera dago. Familia bat sartu da: «Beldurrezkoa da? Ez, mesedez». Zonbiek eta mamuek inguratzen dute igogailua. Ai-oi garrasika hasi dira, eta amaitu da bidaia familiarentzat: «Ez da hainbesterako izan».

Zirrarak bost euroren truke

Igor eta Maixa Lopez neba-arrebak autotxoke atrakzioaren itzalpean eserita daude, aitarekin, eguerdiko 12:30eko eguzkitik babesten. Goiz dibertigarria pasatu dute barraketan. «Autotxokeetan eta Skalestriks-en igo gara; gehien gustatu zaiguna autotxokeak izan dira».

Handik gertu, Irati Peñas, Aitor eta Oier Munarriz gazteak daude.Tiroan jolastu nahi zuten, baina azkenean ezin izan dute, jende gehiago behar zelako nahi zuten jolasa egiteko, eta ez zebilen jende asko une horretan. Errusiar mendian, Monasterio del Terror delakoan (izuaren monasterioa) eta autotxokeetan igo direla kontatu dute.

Peñasi eta Aitor Munarrizigehien gustatu zaiena autotxokeak izan dira, eta Oier Munarrizi errusiar mendia ere asko gustatu zaio: «Autotxokeak oso dibertigarriak dira. Gainera, lehengusuekin igota oso ondo pasatzen duzu; bestela, errusiar mendia asko gustatu zait». Gazteek kontatu dute aurten atrakzioak oso garesti daudela. Errusiar mendiak, adibidez, bost euro balio du. «Autotxokeetan, behintzat, lau txartel aldi berean erosten badituzu, hiru euro ordaindu behar dituzu soilik», azaldu du Oier Munarrizik.

Gainerako atrakzioek ere antzeko prezioak dituzte. Hiru euro balio dute merkeenek, eta garestienek bost euro balio dute. Batzuetan promozioak daude, eta horretaz aprobetxatzen da jendea, pixka bat gutxiago ordaintzeko. Horretarako aukera bikaina egonen da bihar ere. Sanferminak bukatzean merkatuko dituzte atrakzioen prezioak, eta jende asko joatea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.