Albistea entzun

Rafael Moneo, garabirik gabe eraikitzea

‘Rafael Moneo Nafarroan’ erakusketa zabaldu dute Nafarroako Artxiboan. Arkitektoaren ibilbidearen atzera begirakoa egiten du bildumak, eta haren bizitza pertsonalari ere egiten dio so
Rafael Moneok bere ibilbidean ondutako arkitektura proiektuen marrazkiz eta planoz josia da Nafarroako Artxiboko erakusketa aretoa.
Rafael Moneok bere ibilbidean ondutako arkitektura proiektuen marrazkiz eta planoz josia da Nafarroako Artxiboko erakusketa aretoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2022ko abenduak 1 - Iruñea

«Marrazkia da arkitekturaren lehenbiziko eraikuntza. Arkitekto bat, marrazten ari delarik, hasia da zerbait eraikitzen. Izan marrazketa mahaian dudak zirrimarratzen ari denean, izan marrazkian ahal adina informazio jasotzeko ahaleginean dabilenean». Rafael Moneo arkitektoak (Tutera, Nafarroa, 1937) 1976an garatu zuen gogoeta hori paperean, Juan Antonio Cortesekin argitara ateratako Gaur egungo 20 arkitektoren marrazkiei buruzko iruzkinak liburuan. Moneok sarri aldarrikatu du marrazkiaren «autonomia», eta irmoki zehaztu zirriborroak ez duela zertan izan bitartekari soila. Sinesmen hori aise suma daiteke Nafarroako Artxiboan zabalik den erakusketan: Rafael Moneo Nafarroan. Urtarrilaren 15era arte egonen da Iruñean ikusgai. Otsailaren 17tik maiatzaren 14ra, Tuterara eramango dute (Nafarroa).

Moneoren ibilbide profesionalaren atzera begirakoa jaso du bildumak, arkitektoak Nafarroan eginiko lanei erreparatuz batik bat, izenburuak iragartzen duenez. Lehenbizikoak 1960ko hamarkadan sortuak dira; azkenak 2010eko hamarkadari dagozkie.

Sakonki aztertuak dira, esaterako, Aralarko San Migel ostatua, Iruñeko zezen plaza handitzeko proiektua, Iruñeko Foruen plaza eta Tuterako Erruki Etxea. Baita Nafarroako Artxiboa ere; erakusketa hartu duen eraikina, hain justu. Jauregia XII. mendekoa da, baina Moneok ondu zuen hura berritzeko lana, 1995etik aurrera —ezinbestekotzat jo zuen jauregiak iraganean izandako kolore eta ehundurari eustea—.

Dena dela, Moneok ez du soilik Nafarroan lan egin, jakina denez. Hain zuzen, Euskal Herriko beste zenbait tokitarako diseinuak eta atzerrirako sortutakoak ere jaso dituzte bilduman, eta kronologikoki ordenaturik eman. Donostiako Kursaal jauregia ageri da zerrendan, besteak beste.

Marrazkiz, planoz eta argazkiz jantziak dira erakusketa aretoko horma guztiak. Horien artean, baina, argazki koloretsuek salbu, arkatzez eginiko irudiek ematen dute atentzio gehien, giro zuri-beltzean. Paper sulfatatu zabaletan marraztuta daude lanok, trazu fin eta garbiz. Are, marrazkien ondoan idatzitako oharretan ere bistan da Moneoren alderdi hori: gida lerroak marrazten ditu, letrak tamaina berekoak izateko.

Haren ibilbidea aztertu duten adituek nabarmentzen dutenez, askotarikoak dira Moneoren lanak, hau da, ez beti estilo berekoak. Obra modernoak badira, klasikoak ere bai, baita garaikideak ere. Horrek arrazoi nagusi bat du atzean: obra non eta zertarako eraikiko den, horrek baldintzatzen du gehien diseinua. Bestela esanda: Moneoren iritziz, lan arkitektoniko batek harreman estua behar du izan lekuarekin, baita iraganean bertan izandakoarekin eta beteko duen funtzioarekin ere. Ondorioz, obrak ez luke zentzurik bere tokian ez beste inon.

Hutsen eta beteen arteko oreka bistakoa da obretan, eta, esaterako, maketa bidez irudikatzen dituen eraikinen hormetan eta egituretan ikus daiteke modernitatearen eragina. Aski biluziak dira, aparteko apaingarririk gabeak. Materialari dagokionez, biziki maite ditu adreilua eta harria.

Arkitektoaren oroitzak

Moneoren begirada arkitektonikoa jasotzeko ez ezik, haren bizitza pertsonalean murgiltzeko aukera ere ematen du erakusketak. Kristalezko bitrina bat dago aretoaren erdi-erdian. Eta haren barrenean, argazki mordoa: gaztetan entzierroan lasterka, familiarekin, Pritzker saria jasotzen... Argi da beti maite izan duela sorterria: lautan ageri da zapi gorria lepoan, Tuterako festetan.

Erakusketatik ateratzeko atariaren ezkerraldeko paretan, lau margolan dira zintzilik. Tartean, Vincent Van Goghen Segalaria koadroaren kopia bat, Moneok 15 urterekin olioz egina. Ondoan, 10 urte zitueneko autorretratu bat. Nerabezaroko pintura horiek inon plazaratu gabeak izan dira orain arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.