Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Telesail 'post-rocker'-a

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Jethro Tull taldearen kantu hark zioenarekin bat eginda, Too Old to Rock'n'Roll: Too Young to Die! dira Vernon Subutex (2019) telesaileko pertsonaietako gehientsuenak, zaharregiak rock'n'rollerako, gazteegiak hiltzeko. Kantua, ordea, 1976koa da, eta gaur egun rock'n'rolla ez da orduan zena; zahar izatea eta gazte izatea ere ez. Esaldi horretako kontzeptuen artean gutxien aldatu dena hil aditzari lotutakoa da.

Virginie Despentes idazlearen izenburu bereko nobelan oinarrituta zuzendu du Vernon Subutex telesaila Cathy Verneyk. Telesail rockerra da; edo, zehatzago esateko, kontuan hartuta pertsonaiek rockari lotuta bizi izan zutena haien bizitzetan urrezko aro moduko bat izan zela, eta kontuan hartuta kontatzen dena garatzen den garairako rockak hastapeneko indar inarroslea —eta komertziala— galdua duela, telesail post-rockerra. Ez entzuten den musikarengatik soilik —horregatik ere bai, musikak garrantzi handia du—, baita pertsonaien fauna anitzaren ezaugarriengatik, kontatzeko moduarengatik eta, nola ez, rock'n'rollaren ohiko bi bidaideek dituzten agerpen ugariengatik ere: drogak eta sexua.

Pertsonaiak erakargarriak dira, berez, eta aktoreek are erakargarriago egiten dituzte. Denek dituzte beren gezurrak, miseriak eta zikinak, edozein izanda ere klase soziala, ideologia edo dena delakoa —denetarik dago, izan ere—, baina azken batean—eta batez ere azken atalean— denak dira kuadrillan —baskan?, peñan?, nola esaten da orain?— gustura hartzeko modukoak, bat izan ezik: kapitalismo hetero-patriarkal zapaltzaile gupidagabearen sinboloa, Laurent Dopalet jaun txit okaztagarria, azken orduko absoluziorik gabe geratzen den bakarra. Alde horretatik, beste kontakizun post-rocker batekin alderatuz gero, Xabier Montoiaren Non dago Stalin? (1991) nobela baino onberagoa da Vernon Subutex pertsonaiak erretratatzerakoan, eta eskertzekoa da samurtasun hori, telesaila ikusi ondorengo ametsak goxoago izateko lagungarri, baina manikeismo hondar bat ere eransten dio aukera horrek.

Kontuak kontu, eszenaz eszena bere unibertsoan gustura sentiarazten zaituen eta, aldi berean, gaur egungo gizartearen miseria ugari agerian uzten dituen telesaila da Vernon Subutex. Ba al dago gehiago eskatzerik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.