EKOGRAFIAK

Pornografia existitzen da

Juan Luis Zabala
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez dakit zer neurritan bilatu duen Filminek Dawn Shadforth-en Adult Material telesaila (2020) Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat eginda estreinatzea, baina ezin da ukatu gaiak horrekin lotura zuzena duela.

Zinema pornoaren esparruko izar bat du protagonista telesailak, Jolene Dollar izen artistikoz, Hayley Burrows benetako izenez (Hayley Squires). Senarrarekin eta hiru seme-alabekin bizi da, eta lanbideak ez dio eragozten familiarekiko harremanei gutxieneko oreka baten barruan eustea, harik eta alaba nagusiaren adin bereko lankide bat ezagutu eta hari laguntzen eta babesa eskaintzen hasten den arte.

Telesaioaren lau ataletako lehenak zinema pornoaren mundua barrutik ezagutzen eta giro horretara egokitzen laguntzen dio ikusleari, erakutsiz nahiko lanbide ezkutua eta estigmatizatua den arren azken batean alderdi askotan beste edozein lanbideren antzekoa dela, arrunta ere izan daitekeela hartan aritzen direnentzat. Umoreak ere laguntzen du gerturatze horretan, zakila zutitu ezinik etsipenaren mugetan dagoen aktore gizajoaren tartekako agerpenarekin, besteak beste.

Behin giroan sartu eta gero, ordea, lehen atal horren amaieran, beste bide bat hartzen du tramak eta, lanbidearen deskribapen ia-ia kostunbristaren ondoren, haren alderdi ilun eta arriskutsuetara bideratzen du ikuslea. Orduan agerian geratuko da emakumeei dagokiela alderdi ilun eta arriskutsuen zamarik astunena bizkarreratzea lanbide horretan ere, beste askotan gertatzen den bezala, bide nabar esanda.

Franco hil ondoko destapea izan ez zen bezala —gaur egun inoren txalorik ez lukete jasoko, zorionez, Andrés Pajaresek, Fernando Estesok eta Mariano Ozoresek—, pornografia ere ez da heziketa sexual osasungarri eta orekatu baterako tresna egokia. Maiz egiten da salaketa hori. Baina pornografia existitzen da, hor dago —eta han eta hemen eta nonahi—, eta pornografia ezkutatzeak eta estigmatizatzeak are opakuago eta are gizatasun gutxiagoko bihurtzen du industria erraldoi hori, hain zabaldua eta hain kontsumo handikoa, hain produktiboa eta oparoa gaur egun mundu osoan. Errealitate horri aurrez aurre begiratzeko ausardia da Adult Material-en dohainetako bat, eta ez bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.