Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Madonna vs azoka

2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Durangoko Azoka bada, bai; baina euripean gordea, bada bertatik kanpoko mundurik ere. Behin Palentinoa eta Landako Gunea utzita, behin aurtengo nobedadeen uzta mesanotxean kokatuta, zilegi da sofan eseri eta, lipar batez, mainstream arinaren magal erosoan babestea. Edo hori da, behintzat, La casa de papel telesailaren amaierako atalei begira jartzearekin batera, esan diodana neure buruari. Bitan banatu dute azken denboraldia, eta, lehen erdiak ezin epelago utzi baninduen ere, ez diot tentazioari eutsi. Hiruzpalau dozena ordu eskaini dizkiot honezkero, eta, behingoagatik, bukatu nahi izan dut aspaldi hasitakoa. Ez naiz damutu oraindik: telesail bikainenek ere amaiera traketsa izaten dute sarri; baina, harrigarriki, istorio horrek harrapatu dituen ikusle (ia) denak asetzeko moduko bost atal ondu dituzte.

Asko idatzi da telesailaz, eta alferrik errepikatuko ditut balorazio tekniko, etiko eta abarrak hemen. Beste zera batek eman dit niri arreta. Ursula Corbero aktorea, Tokio, AEBetako late night ezagun batean izan da: Jimmy Fallonek aurkezten duen The tonight show saioan. Bertan kontatu du nola Madonnarekin egin zuen topo aireportuko komun batean. Abeslaria bera hurbildu omen zitzaion, zer eta oso fana zela esateko gogoz. Erabat lotsatuta Corbero isilik geratu zenean, zera bota zion Madonnak, kezkati: «Badakizu nor naizen?».

Anekdota soil bat baino gehiago da. Batetik, erakusten duelako halako espektatibarik batere gabe jaiotako telesail horrek zenbaterako oihartzuna duen. Baina, batik bat, gogoratu dudalako Corbero The tonight show saioan edo Madonnarekin komunean zen bitartean, Durangoko Azokan zela Itziar Ituño; besteak beste, Instagramen 66.000 lagunek ikusi duten bideo batean, Zorrotz-en erakusmahaiko hainbat liburu erakusten.

Arrakasta kudeatzeko modu asko daude, eta ez dira denak onak; baina zaila da bainarik jartzea Ituñok hautatu duenari. Badaki mundu okzidentala begira duela, eta, foku horren onurak itsu-itsuan zukutu beharrean, ispilu lana egitea erabaki du: argi hori euskal sortzaile gehiagorengana ere irits dadin, bere esku dagoen (ia) guztia egitea. Amaitu da La casa de papel, baina argi horrek, beste pixka batean behintzat, iraungo du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.