700 aztarnatik gora Sasetan

Aranzadik material ugari topatu ditu 36ko gerrako Saseta defentsa sisteman. Gazte boluntarioek, gerrako aztarnez gain, zapata bat, latak eta oihal zatiak aurkitu dituzte.

Aurkitutako hainbat material. JON URBE / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Zizurkil
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Manex Arrastoa Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo teknikariak aurten Sasetako indusketan aurkitutako materialen «aniztasuna eta kantitatea» nabarmendu ditu. 700 material baino gehiago dokumentatu dituzte jada ikertutako lubakian, Zizurkilgo (Gipuzkoa) lurretan.

Guztira, aurkitutako material kopurua 1.000tik gorakoa da, baina guztiak ez daude identifikatuta oraindik. 36ko gerrako lehen hilabeteetan fronte gogorra izan zen Aiztondo bailarako inguru horietan.

Igandean amaituko da bi aste iraun duen auzolandegia. Hamabi gazte boluntario eta Aranzadiko hiru arduradun aritu dira goiz eta arratsaldez Saseta defentsa sistemako lubaki bat aztertzen. Aurkitutako materialen aniztasuna azpimarratu du Julien Blanco Aranzadiko arkeologoak ere: «Material belikoez gain, lehen aldiz, material gehiago topatu dugu: zapata bat, latak, oihal zatiak...». Hedabideen aurrean azalpenak eman bitartean, beste aztarna bat topatu dute. Hasieran uste zuten botoi bat zela. Gerora, ordea, ondorioztatu dute litekeena dela botila txiki baten tapa izatea. Ohikoagoak diren bala zorroak, kargagailuak eta bestelako gerra material ugari ere berreskuratu dituzte Azarolatxiki gainean.

Nahia Agirre boluntario gasteiztarrak ere nabaritu du aurtengoan material gehiago topatu dutela. Laugarren urtea du Saseta defentsa sistemako lubakiak ikertzen: «Bestela ere ondo pasatzen den arren, materiala topatzeak bizitasuna ematen dio, eta aurten material asko atera dugu beste urteekin alderatuta».

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2013an hasi zituen indusketak Saseta defentsa sisteman. Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo Udalek sustatzen dute proiektua. Memoria historikoa transmititzearen garrantziaz mintzatu da Zizurkilgo alkate Iker Urruzola: «Gure aitona-amonen hitzetatik jaso genuen hemen inguruan zerbait izan zela, eta gure oinordekoei utzi nahi diegu legatu txiki hori». Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen zuzendaritzak ere laguntza eman dio proiektuari. Bertako zuzendari Ion Gambrak azaldu du «beharrezkoa» dela gazteak memoria historikoaren lanketara gerturatzea. Horregatik, Aranzadiren lana goraipatu du, normalean memoria historikoan lanean diharduena «jende adindua» delako.

Fronte aldaketaren lekuko

36ko gerran euskal erresistentziaren puntu nabarmenetako bat izan zen ingurune hori. Eusko Gudarosteko kapitain Kandido Sasetak diseinatu zuen, eta hilabete baino gehiagoz tropa frankistei eusteko balio izan zuen. 1936ko abuztua eta iraila bitartean, mila pertsona baino gehiago aritu ziren bertan borrokan. Estatu kolpea eman eta hilabete eskasera iritsi zen frontea Saseta defentsa sistemara. Arrastoaren hitzetan, «lehen fronte antolatua» izan zen, ordura arte altxatuek ez baitzuten erresistentzia antolaturik jasan.

Topatutako materialez gain, aurten ikertutako lubakiak badu beste berezitasun bat: ohikoa baino estuagoa eta baxuagoa da. Arrastoaren arabera, «urgentziaz» eraiki zutela esan nahi du. Gainera, kokapena bera ere ez da ohikoa. Belkoain mendiari begira dago, eta hori Eusko Gudarostearen kontrolpean zegoen hasieran. Horregatik, lubaki hori «fronte aldaketa baten erakusgarri» da, Manex Arrastoaren hitzetan. Belkoain tropa altxatuen esku geratu zenean Saseta defentsa sisteman egindako aldaketen froga da.

Boluntarioen garrantzia

Ander Arginberri boluntarioak bazekien aurten ikertu behar zutena «puntu interesgarria» zela. Algortarrak Historiako gradua ikasi zuen, eta hirugarren aldia du Saseta defentsa sistemako indusketetan. Agirre gasteiztarrak laugarren aldia du, eta Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritze gradua ikasi zuen. «Lagun batengatik ezagutu nuen [auzolandegia]. Oso interesgarria iruditzen zait memoria historikoarekin lotuta egiten dugun lanketa, eta urtero itzuli naiz», esan du Agirrek.

Aranzadik Saseta defentsa sisteman auzolandegia antolatzen duen zazpigarren uda da. Iazkoan, pandemia zela-eta, arkeologo profesionalek hartu zuten boluntarioen lekua. Aurten, berriro ere,gazteek hartu dituzte erremintak. Arrastoak azpimarratu bezala, boluntariorik gabe ezinezkoa litzateke «puzzlea» osatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.