Hustutakoa berriro betez

Hainbat hilabeteko itxialdiaren ondoren, Bilboko museoak normalitatera itzultzen saiatzen ari dira. Jendea hasi da haietara hurbiltzen, eta, tokiko bisitariez gain, kanpoko turistak ikus daitezke haietan.

Guggenheim museoaren ondoko parkea, hutsik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hutsik dago Bilboko Guggenheim museoaren aldameneko parkea. Uso bikote bat dabil, noraezean, itxitako taberna baten terrazan, eta pareko iturri modernoaren ur soinuak bakardadea nabarmendu baino ez du egiten. Hutsik daude, halaber, jesarleku bustiak, eta museora hurbiltzen hasiak diren bisitari bakanek dagoeneko lehortu diren zoru zatietan hartu behar dute deskantsu.

Goizeko zaparradak hustu ondoren, betetzen hasi dira Guggenheim museoa eta inguruak. Tokia ezagutzen ez duen turista bikote batek, «hemendik sartzen da?», galdetu dio handik igaro den hiritar bati, eta gutxi geroago katalan talde bat ere zalantzati ibili da sarreraren bila. Guztiak joan dira marmol horixkako eskaileretan gora, okerreko tokian baitzeuden, itsasadarrera ematen duen atea irteera delako. Inor ez da oraindik handik irten, eta paseoan kirolariak baino ez daude.

Gutxika-gutxika, jendea pilatzen hasi da Bilboko museorik sonatuenaren sarrerako atean. Madrildar lagun talde batek ixten du jada hainbat eskailera maila hartuak dituen ilara. Lau emakumetatik bik, Ana Alvarezek eta Brenda Vallejok, ezaguna zuten Bilbo aspalditik, baina berriro ikusi beharra zutela erabaki zuten. Azken orduko erabakia izan dela diote, koronabirusak planak goitik behera aldatu baitizkie. «Egia da hegoaldeko hondartzetako gunera joatea zailago dagoela», azaldu du Ana Cañerok. «Uste genuen hemen, hondartzaz gain, turismo zabalago bat egiteko aukera ere edukiko genuela». Guggenheimera arte eskaintzak bultzatuta hurbildu dira, Vallejok dioenez: «Niri artea gustatzen zait, orokorrean. Leku batera banoa, hango museoak bisitatzen ditut». Alvarezek arte modernoaren zalea dela zehaztu du, eta laugarren lagunak, Carmen Agudok, gertu dituzten tokietako turismoa aldarrikatu du: «Kultura gehiago, ikastea da».

Sartu dira lau lagunak museora, eta haien lekua beste batzuek bete dute. Lehenengo bisitariek jada ikusi dute nahi adina arte, eta hasi da dagoeneko jendea agertzen irteerako atetik, lehenago ia hutsik zegoen itsasadarraren aldea betetzen. Parkean dauden umeen barreek eta museotik sartu-irtenean dabiltzanen oin hotsek laguntzen diote orain iturriko zaratari. Abandoibarratik entzuten diren Deustoko kanpaiek ez dute bakarrik jo 12:00etan.

Gutxika, lehengo tokietara

Arte Ederren Museoko sarrerako horma gardenek ikusmiran ibiltzeko aukera ematen diote jakin-mina duen ibiltariari. Baina, Guggenheimera hurbildu den edonork bezala, jende gutxi ikusiko luke begiraleak hasieran; harrerakoa, segurtasuneko langilea eta garbitzailea, besterik ez. Museoko kafetegian ere gutxi batzuk animatu dira zeozer hartzera, eta euriagatik erretiratutako aulkiek multzokatuta jarraitzen dute terrazako izkina batean.

Baina hona ere hasi dira heltzen bisitariak. Haietako bat, Maria Eugenia Sanz, orain hasi da museoen ibilbidea egiten. Valladolidetik (Espainia) etorri da Bilbora, eta aurretik hiria bisitatu badu ere, lehen aldia da Arte Ederren Museora joaten dela. Ederra iruditu zaio. Ondoren, aurreko bidaia horretan jada bisitatu zuen Guggenheim museora joango da.

Ana Bea eta Alazne Fernandez bilbotarrek, aldiz, Arte EderrenMuseoarekin bukatu dute eguneko ibilbidea. Gizarte zentro batean egiten dute lan, eta lau andra nagusirekin batera etorri dira museoa ikustera. Beak dio «urtero» datozela Arte Ederren Museora, «obra eta erakusketa ezberdinak ikustera», baina koronabirusaren eraginarekin adinekoak «irteteko ikaratuta» daudela diote. «Hala ere, talde bat animatu da, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta: maskara, distantzia, gela...». Beldurrak beldur, asko gozatu dutela dio Fernandezek, bai zentroko andrek eta baita euren zaintzaileek ere, eta, oraindik birusa badabilen arren, halako irteerak egiten jarraituko dutela: «Irteera kulturalak asko gustatzen zaizkie eta, hori dela eta, normalitatera itzuli gara, ahal izan dugun neurrian, behintzat». Museoak ere Fernandezen hitzak bere egiten dituela dirudi: ekainera arte zegoen Bixente Ameztoiren erakusketa irailera arte luzatuko dutela iragartzen du pareta goitik behera okupatzen duen kartel batek.

Zaparradaren ostean, etxeak hustuz joan dira, eta kaleak betez. Guggenheimeko Puppy-ren oinetan argazkizale andana batu dira. Museoko maskotaren gorputzean lore gorri eta moreen sortak gailentzen dira, urrunetik ubeldurak diruditenak. Baina, haien artetik, kolore argiagokoak ere badaude, txakurra sendatzen arituko balitz bezala. Bere inguruan bildutakoak, Puppy-ri nahi adina argazki atera ondoren, Guggenheimera sartuko dira, honi ere azken hilabeteetan izandako bakardadea osatuko dion hatsa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.