Mahonez eta erantzukizunez

Egoerak hala eskatuta, Madalen eguneko ospakizunik ez da izan Bermeon, baina kaleak urdinez margotu dira. Izaron, herriko mugak berresteko teila bota du alkateak.

Urtero legez, herritarrak mahonez jantzi ziren atzo Bermeon, eta kaleak urdinez betetzeak egin zuen eguna berezi. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bermeo
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Eguerdiko 12:00 inguru dira Bermeon (Bizkaia). Herriaren erdigunean dagoen Lamera parkeko terrazak, eguzkia lagun, goraino beteta daude. Baloiek, bizikletak, umeen korrikaldiek betetzen dute irudia. Udako goiz arrunt bat dirudi, baina bada eguna ez dela hain ohikoa adierazten duen detaile bat, eta ez da maskara: mahonez jantzita doaz herritar asko eta asko, haurretatik hasi eta helduetaraino, adin guztietako emakume zein gizonak. Herriko kaleetan kolore urdina da nagusi. Uztailaren 22a da, Madalen eguna.

Urteko egun garrantzitsuenetako bat izaten da bermeotarrentzat uztailaren 22a. Ospakizun egun handia. Duela urtebete, adibidez, ordu horretan eta toki beretik segizio ofiziala igaro zen, alkatea buru, eta kale izkinek, goraino beteta, Izaro irla ingurura Bermeoko mugak berrestera zihoan kalejira animatzen zuten. Egungo egoeraren eta indarrean dauden segurtasun neurrien ondorioz, baina, Bermeoko Udalak erabaki zuen atzo inolako ospakizunik ez egitea. Eta erantzukizunez aritzeko eskatu zien herritarrei. «Guztien osasuna kontuan izateko».

Jesarleku batean, hitza batera eta bestera, itzaletan daude Itziar Ispizua, Begoña Urkidi eta Joan Mari Urkidi hiru lagunak. Aurtengo Madalen eguna «tristea» dela aitortu dute. Hala ere, herriko «betiko jaia» nola edo hala ospatu behar dela eta, mahonez jantzi, eta bazkari bat egiteko batu dira. Egun berezirako, zapiak ere ekarri dituzte poltsan gordeta: «Bero handia egiten du soinean janzteko». Hainbeste urtez bizi izan duten Madalen eguna ez zuten espero hala ospatzerik, baina, udalak hartutako erabakiak egokiak direla iritzita, hurrengoen zain gelditu dira.

Teila, urpera

Nolabait, baina, eutsi diote tradizioari Bermeon. Hain zuzen, udalean ordezkaritza duten alderdietako zinegotziak, beste urteetako jendetza eragotziz eta ohi baino dezente goizago, 09:30ak inguruan, Bermeoko portutik atera eta Izaro irla ingurura joan dira. Bertan, Aritz Abaroa alkateak «Honaino heltzen dire Bermeoko ituginak» esaldi ezaguna ahoskatu du. Urtero botatzen den teilak esangura bat izaten du, eta aurtengoan aukeratutakoa ere sinbolismoz betea egon da. Hain zuzen, koronabirusak sortutako egoeran, Bermeoko Udalak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu du, eta, hala, omenaldia egin diete gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileei.

Itsasotik itzuli, eta jaia bukatutzat eman dute agintariek. Beste urte batzuetan ehunka itsasontziz inguratuta legokeen Izaro irlak aurten lasai eta isilik igaro du eguna.

Portu ingurua ere lasai dago; jendea paseoan dabil, baina ez dago bestelako mugimendurik. Arazorik gabe izan daiteke ekainaren 26a, abuztuaren 5a zein uztailaren 22a. Itsasontzietara jaisteko sarrera itxita dago. Herritar batzuk gerturatzen dira, nostalgiaz begiratzera. Baina nabigatzeko tentazioa etxean utzi dute. Miren Aizpuru, Ibane Elexpuru eta Izaro Baza hiru lagun bermeotarrak portuko terraza batean daude, egunari itxura eman nahian, baina Madalen egun «eskasa» daramatela aitortu dute. «Herria erdi hutsik eta girorik gabe ikusteak pena ematen digu». Egunaren espiritua mantentzeko, mahonez jantzita atera dira etxetik eurak ere. Diotenez, udako egunik garrantzitsuena izaten da haientzat uztailaren 22a. «Udari hasiera ofiziala ematen dion eguna». Hala ere, udalak hartutako neurriak «zentzuzkoak eta beharrezkoak» izan direla adierazi dute. Horregatik, euren artean ere erantzukizunez jardutera konprometitu dira.

Aldameneko tabernan daude Aitor Bilbao eta Unai Renteria, beste hiru lagunekin batera. Adierazi dutenez, jende gehiago espero zuten portu inguruan eguerdian, eta, bermeotarrak izanik, aitortu dute nahiago dutela kaleak hala ikustea jendez beteta baino. «Egun arraroa da; udako beste egun bat ematen du, baina beharrezkoa da jaiak ez egitea egoera kontrolatzeko, eta berdin dio zein den bertan behera uzten den jaia», adierazi du Renteriak. Normaltasun hitza edo «egunerokotasuna» darabilte eguneko sentsazioak adierazterakoan.

Giroa berotzen

Minutuek aurrera egin ahala, Lamera parkean gero eta mugimendu handiagoa nabari da. Gutxi falta da parkeko eta portuko koloreek bat egiteko. Taberna bateko terrazan dago Bermeon bizi den Izaro Mendizabal zarauztarra, familiarekin. Egun arraroa dela berretsi badu ere, festa giroa inork ez kentzeko, ezta pandemia batek ere, erabaki dute mahonez janztea. «Halako egun batean eta bizi dugun egoeran, herriari alaitasun pixka bat ematen diogu». Mendizabal kritiko azaldu da jaiak bertan behera uzteari buruz. «Osasun neurriak errespetatuta, jaiak aurrera atera daitezke». Bermeon argi dute guztien erantzukizunarekin, eta gogoz, jaiak ospa daitezkeela, urdinez, zuriz zein beltzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.