Ondarea

«1915eko zubira itzuli gara»

Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubia irekita dago berriz, lanen ondoren, eraberrituta. Jatorrizkoaren erreplika da, eta oinezkoak hasi dira zubia igarotzen.

Ehun urte bete ditu Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubiak. Eraberritu ondoren, atzo ireki zieten zubia oinezkoei. JUAN CARLOS.RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Lapurdi eta Gipuzkoa. Hendaia eta Irun. Bidasoa ibaiaren bi aldeak lotzen dituen zubi «historikoena» itxita dago oraindik. Langileek, zira jantzi, eta beren azken zereginari ekin diote: Etorbidearen zubiaren alde banatako hesiak kentzeari. Alde batetik, Jose Antonio Santano Irungo alkateak zeharkatu du zubia; bestetik, berriz, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak. Elkar agurtu dute. Santanok hau esan die hara bildutakoei: «Barandaren zati batzuek forma borobila dute: horiek jatorrizkoak dira; uste dut hamabi direla guztira. Gainerakoak aluminiozkoak dira, baina jatorrizkoaren erreplika zehatza dira. 1915eko zubira itzuli gara: orduan eraikitakoaren berdina da». Aterkiak ireki, eta bakoitza bere udaletxera itzuli dira. Bien bitartean, irundarrak eta hendaiarrak zubiaren alde batetik bestera joan dira: paseoan, bizikletan, korrika edo erosketak egitera.

Atzo inauguratu zuten Irun eta Hendaia batzen dituen Etorbidearen zubia. 1915ean eraiki zuten, eta, ordutik hona, hiru gerrak, zenbait blokeo eta aduanak, hainbat merkataritza fluxuk eta milaka herritar ezagun eta anonimok zeharkatu dute zubia. Mendeurrena ospatu eta gero, eraberritzen aritu da Irungo Udala, eta atzo ireki zuten oinezkoentzat: «Nazioarteko zubi gutxi egongo dira munduan udal batek eraiki eta ordaindutakoak. Hau horietako bat da», esan du Irungo alkateak.

Valentin Garatek patxadaz zeharkatu du zubia: Hendaiara doa, erosketa batzuk egitera. Ez du inolako aduana kontrolik pasatu behar, baina oso bizi ditu hori egin behar izaten zen garaiko bizipenak. «Nire amak Frantzian egiten zuen lan, eta harekin joaten ginen ibaiaren beste aldera, ez geneukalako Irunen zainduko gintuenik. Etxera bueltan, kafea, angula batzuk, eta orokorrean Hegoaldean ez zeuden gauzak pasatzen genituen zubitik. Horrela, pezeta batzuk irabazten genituen», esan du Garatek.

1960ko hamarkadan izan zen haurra, eta argi oroitzen du Bidasoaren beste aldean askatasun gehiago zegoela: «Aldea agerikoa zen, eta oso grafikoa: Hendaiako aldean, bi jendarme egoten ziren, eta Irungoan, berriz, hogei guardia zibil», esan du irundarrak. «Oso polita» ikusi du hainbeste aldiz zeharkatu duen zubia.

Aduanak edukitzeaz eta zenbait blokeo bizi izanaz gain, hiru gerraren protagonista ere izan da Etorbidearen zubia. Lehen Mundu Gerran, irundarrek hendaiar askori lagundu zieten, janaria ematen: kontrabandoa ohikoa zen. 36ko gerran, jende ugarik zeharkatu zuen zubia frankistengandik ihesi, eta Bigarren Mundu Gerran, kontrako norabidean, naziengandik ihes eginez. 1940an, Gestapok Etorbidearen zubian bertan utzi zuen frankisten esku Lluis Companys Kataluniako presidentea. Bartzelonan hil zuten.

Oinezkoentzako zubia

1992tik, ibilgailuak ezin dira zubitik pasatu, eta Irundik Hendaiara, edo alderantziz, paseoan joaten den jende askok zeharkatzen du Etorbidearen zubia. Hori egin dute Chelo San Sebastianek eta Henri Cazarisek: «Ni frantsesa naiz, eta emaztea, gipuzkoarra. Donostian bizi gara aspalditik, baina askotan etortzen gara hona paseo bat egitera, eta zubi hau zeharkatzen dugu», esan du Cazarisek.

Xanti Agirre eta Begoña Loidi, berriz, oso gutxitan pasatzen dira zubitik: «Hondarribiarrak gara, eta han egiten dugu bizitza. Handik abiatuta, Hendaiaraino goaz paseoan, Badiako bidetik, eta horregatik pasatu dugu zubia», esan du Loidik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.