Baztertuen babeslekua

Nafarroako Corazon Verde babeslekua duela sei urte sortu zen, animaliei behar bezalako tratua emateko. Egun, 15 espezietako ehun animalia baino gehiago bizi dira han.

Corazon Verde babeslekuko bi asto. CORAZON VERDE.
iraia vieira gil
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Josetxo Sagarrak urteakdaramatza animalien eskubideen alde egiten. Gaztetan, luzaz aritu zen kaleko aktibista gisa, baina erresistentzia mota horrek ez zituen haren nahiak guztiz asetzen. Zerbait gehiago nahi zuen: «Animalien bizitza hobetu nahi nuen, eta orduan hartu nuen animalientzako espazio seguru bat sortzeko erabakia». Horrela sortu zen, hain zuzen ere, Corazon Verde animalien babeslekua. Babeslekua Zangozako eskualdean dago, eta bi funtzio betetzen ditu: «Batetik, ahalik eta animalia gehien salbatzea; bestetik, gizarteari erakustea posible dela animaliei tratu ona ematea».

Hastapenak ez ziren errazak izan, baina Sagarrak eskertu du jendea hasieratik laguntzeko eta boluntario izateko prest egon izana.«Animaliak aldiro hartzen hasi ginen, lan hori egiteko laguntza musu truk jasota». Egun, 15 espezietako 120 animalia dituzte guztira. Zaldiak, astoak, ahuntzak, untxiak, katuak eta baserrietan izan ohi diren beste hamaika espezie zaintzen dituzte han, eta guztiek zerbait daukate komunean: «Animalia guztiei egin dizkiete tratu txarrak, edota bazterrean utzi dituzte», adierazi du Sagarrak.

Nola heltzen dira, baina, animaliok Corazon Verde babeslekura? «Norbaitek kalean aurkitzen ditu, eta zuzenean deitzen digu edo, bestela, abere industriak berak ematen digu abisua animalia bat kaleratu nahi dutenean». Abandonuen harira, Cristian ahuntzaren kasu «berezia» nabarmendu du fundatzaileak. Cristian ahuntza orain dela bost urte heldu zen Corazon Verde babeslekura. «Magia beltzeko erritual kubatar batean hil nahi zuten, baina polizia garaiz iritsi zen, eta Cristian salbatu ahal izan zuen». Madrildik Nafarroara eraman zuten Cristian, eta, ordutik, babeslekuan bizi da.

Hain zuzen ere, Corazon Verden ez dituzte Zangozako eskualdeko animaliak soilik hartzen, beste lurralde batzuetako animaliak ere babesten dituzte. Zaila da zehaztea nolakoa den animalia bat babeslekura eramateko protokoloa: «Kasuaren arabera egiten ditugu tramiteak. Batzuetan, guk jasotzen eta ekartzen dugu animalia; askotan, baina, aurkitu duen pertsonak berak ekartzen digu animalia».

Doako lana

Babeslekuan egiten duten lanagatik ez dute diru laguntzarik jasotzen, eta horrek animalientzako aterpeetatik bereizten ditu. Horrela azaldu du, behintzat, Sagarrak: «Ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen, ez administrazioaren aldetik, ez estatuaren aldetik. Egiten dugun lana doakoa da».

Diruaren kontua, ordea, ez da babeslekuak eta aterpeak bereizten dituen gauza bakarra. «Corazon Verden ditugun animaliak baserri animaliak dira soilik». Aterpeetan, aldiz, bestelako espezieak ere hartzen dituzte. Ez hori bakarrik: «Gainera, aterpeetan ez bezala, babeslekuan ez ditugu animaliak adopzioan ematen. Hemen bizi dira hiltzen diren arte». Adopzioan eman ez, baina, hala ere, Corazon Verdek aukera ematen du animaliak babesean hartzeko.

Babesean hartzea, hain zuzen, babeslekua mantentzeko dirua lortzeko modu bat ere bada. Diru laguntzarik jasotzen ez dutenez, donazio pribatuen bidez, merchandising produktuak salduz edota antolatzen dituzten ekinaldien bidez lortzen dute finantzaketa. «Hala eta guztiz ere, eskolek-eta egiten dituzten txangoak doakoak dira. Guk ez dugu probetxurik atera nahi animalietatik. Egiten dugun guztia boluntarioa da», azpimarratu du Sagarrak.

Eskaintzen dituzten txangoetan, babeslekuaren egunerokoa nolakoa den ikus dezakete bisitariek. Goizean goiz jaikitzen dira animaliak larreetara eramateko, horien ura aldatzeko, behar dituzten botikak emateko eta beste hamaika kontu egiteko: «Badaude fruta eta barazkiak ematen dizkiguten fruta dendak. Batzuetan, hara joan behar dugu, eta fruta eta barazki horiek babeslekura ekarri».

Euria egiten duenean, animaliak ukuiluan sartu behar dituzte. «Lana egunaren araberakoa da, beraz. Hamar eta hamabi ordu bitartekoa izan daiteke batzuetan, lau eta bost ordu bitartekoa besteetan».

Ostatu solidarioa da Corazon Verde babeslekua laguntzeko eta ezagutzeko beste era bat. «Ostatu solidarioa eskaintzen dugun aukera bat da: jendeak ostatu har dezake babeslekuan, donazio baten truke». Ostatu solidario horrek, gainera, babeslekuko eguneroko bizitzan murgiltzeko aukera ere ematen dio bisitariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.