Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Brinkola' gehiago

2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sare sozialetan ditugun perfil kopurua izugarri igotzen ari omen da itxialdia hasi zenetik. Horrek plataformetan ematen den mugimendu areagotu du nabarmen; esan daiteke COVID-19a gure bizitzetan agertu aurretik baino presentzia handiagoa dutela gaur egun.

Etengabeko jario horretan, amaiezina da egunotan gure hormetara iristen den meme eta kate kopurua. Horien artean, Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendari eta zinema eta telesail kritikariak abiatutako #15egun15telesail ekarri nahiko nuke gaur Ekografiak honetara.

Meme horretan, egunero galdera bati erantzun behar diogu, eta erantzuna beti da telesail bat. Gure telesailik gustukoena aukeratu behar izan genuen lehen egunean, eta itxialdian zehar ikusitako onena bigarrenean. Hirugarrenean, aldiz, euskal telesailik gustukoena aukeratzeko eskatu zigun, eta erantzuna, kolpean etorri zitzaidan burura: Brinkola.

Egia esan, ez dakit guztien artean behar baino gutxiago gustukoena dudan, ezta hoberena iruditzen zaidan ere. Argi dut, ordea, Brinkola dela guztietan garrantzitsuena eta ekarpenik handiena egin duena. Zergatik? Arriskatua izan zelako, eta ETBk, ETB1ek bereziki, horixe delako larritasunez behar duena: arriskuak hartzea. Telesail deserosoa zen, itsusia, mundu guztiak ulertzen ez zuen umore zehatz batekoa. Alkain eta konpainiaren tropa Wazemank-etik jarraitu zuten asko eta asko zur eta lur utzi zituen, baita haserretu beste asko ere. Telesail bikaina zen, lokala eta unibertsala, ezberdina, benetakoa. Sortzaile talde batek bere ibilbidearen gailurrean egin nahi zuena. Horrek izan beharko luke ETBk jorratu beharreko bidea. Ez, ordea, audientzia kopuru negargarri bati heltzeko, eta mundu guztia erakarri nahi baina inor erakartzen ez duen izkinarik gabeko eduki zuri eta biribila.

Askori entzun edo irakurri diet azkenaldian esperimentuak egiteko kate ederra geratzen ari zaigula. Ez nago ados: aspaldi da ETB1ek esperimentuak behar dituela. Aspaldi delako ETB1 hilda dagoela. Saio onak dituela? Jakina baietz, baina ez daude epe ertain zein luzerako estrategia pentsatu baten barnean, eta itsasontzia noraezean doa. ETBk Brinkola gehiago behar ditu. ETBk beste Brinkola bati baiezkoa emango dioten zuzendariak behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.