Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Gauzak ondo eginda daudenean

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ze plazera telesail bat ondo pentsatuta, egina eta garatua dagoenean. Ze poza, aurrera doan eran are hobea bilakatzen denean. Ze gozatua, pertsonaiak ikaragarri ondo eraikiak egon, eta denboraldiak aurrera joan ahala gehitzen direnak, maila mantendu, eta batzuetan, hobetu ere egiten dutenean. Bai, gaur Netflixen Ozark telesailaz hitz egin nahi dizuet. Ez ditut mafioso telesailak bereziki atsegin, onartzen dut. Tira, mafiosoenak eta militarrenak. Hori dela eta, telesailen zale amorratu guztiek maite dituzten Los Soprano edo Homeland bezalako telesailek nahiko hotz utzi naute beti. Hori dela eta, nagikeria apur bati ekin nion Mexikoko kartel baten dirua zuritzeaz bizi den Marty Byrd (Jason Bateman) eta haren familiaren abenturak kontatzen dituen telesaila ikusteari. Haren lanbideak Ozark zingiratsura eramango du familia osoa, eta, hortik aurrera, korapilatuz joango da istorioa, aurrekoan gomendatzen nizuen Breaking Bad-en garaietatik gogoratzen ez dudan moduan. Badakit asko esatea dela, baina egin kasu, Ozark azken urteetan ikusi dudan gauzarik hoberena da gidoi zein egitura aldetik.

Pertsonaiak ikaragarri ondo eraikiak daude, eta horiek gorpuzten dituzten aktoreen lana, txalotzekoa da. Jason Bateman aipatu dizuet hasiera batean, baina telesaila gailurrera eramaten dutenak emakumezko pertsonaiak eta aktoreak dira. Laura Linney erraldoi ageri da Wendy Byrden paperean, eta, lehen denboraldiak bidea aurkitu bezain pronto, senarra aurreratzen du. Darlene Snellen papera egiten duen Lisa Emeryk ere antzeko bidea egiten du, nahiz eta modu zakarragoan. Hala ere, telesail horretako pertsonaiarik itzelena Ruth Langmore da. Aurretik, filmen batean ikusia nuen Julia Garner, baina beti bigarren edo hirugarren planoan. Aktore gazteak Ozark-en egiten duen rol izugarria da, eta, horretan, ikaragarri laguntzen du antzeztea suertatu zaion pertsonaiak. Borobila, nahiz eta ertzak besterik ez izan.

Lehen denboraldia amaitu zenean, bigarrenean behera egingo zuela pentsatu, eta oker ibili nintzen. Bigarrena amaitzean, gauza bera pentsatu, eta berriz ere oker ibili naiz. Hirugarrena amaituta, ez dut zalantza gehiago izango Bill Dubuquek sortutako fikzio bikain honekin. Zein luzea egin behar zaidan laugarrenera iritsi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.