Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Mila esker, 'Ahoz aho'

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ilaski Serranok Twitterren jakinarazi du egun hauetan, egoera dela-eta Ahoz Ahorekin jarraitu ezin dutenez, saio berri bat prestatzen ari direla ETB1eko arratsaldeetarako. Badirudi, oraingoz behintzat, agur esango digula saioak, eta, egia esan, pena sentitu dut sekula Ahoz Aho-ren inguruan ez idazteagatik. Askotan hitz egin dugu tarte honetan ETBk egin behar edo egin behar ez duenaz. Hala ere, badira, dagoeneko, ondo egiten dituenak ere —batzuetan ahazten bazaigu ere—.

Euskarak fikzioa behar duela esan dizuet askotan, baina baita telebista saio arruntak ere. Konnotazio negatiboa du «arrunt» horrek, baina oso zaila da saio mota hori ondo eta morbo edo zoldetan erori gabe egitea (gainontzeko telebista kateak ikusi besterik ez duzue). Ahoz Aho-k egin daitekeela frogatu du. Ilaski Serranok eta Amaia Cayerok gidatuta, gai abaniko zabala biltzen duen saioa zen. Tonu atseginean, baina baita zehatzean eta zorrotzean ere. Horretarako, kolaboratzaile sare bikaina eratu dute, eta jendea dakienaz hitz egiten jarri dute telebistan —ez zen hain zaila, ezta?—.

Hori gutxi balitz, normalean ETB1en ikus ezinditzakegun aurpegiak ekarri dizkigu etxeko egongelara, eta, horregatik bakarrik, txalo zaparrada amaiezina merezi du saioak. Behin baino gehiagotan aipatu dizuet asperdura ikaragarria sortzen didala ETBko aurpegi errepikapen etengabeak. Ahoz Aho eten bat izan da joera horretan. Gauzak ondo eginez, normalean hedabide handietan ikusten ez dugun jendea erakartzeko gai izan da.

Askotan entzun dut zenbait sortzailek, eragilek edo kazetarik ez duela saio jakin batzuetan parte hartu nahi izaten, saioaren kolaboratzaileen aniztasunik eza joan nahi ez dutenen errua izango balitz moduan. Ahoz Aho-ra, ordea, animatu egin dira. Zergatik ote? Ez dut uste buruari buelta asko eman behar zaizkionik erantzuna topatzeko.

Ahoz Aho badoa, eta beste saio bat etorriko da haren lekua betetzera. Oraingoan, talde berri bat eta ekoiztetxe bat izango dira atzean, nahiz eta Ilaski Serrano bera izango den aurkezle orain ere. Ez dakit nondik joko duen, baina Ahoz aho-ren espirituaren segida izatea gustatuko litzaidake, gauzak beste modu batera egin daitezkeela frogatzen jarraitzeko. Eta zergatik ez, jarrera eta tonua kateko gainontzeko magazinetara kutsa daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.