Bitxiak eta altxorrak, eskura

Denetarik aurkitu dezake irakurleak Donostiako Liburu Azokan: libururik komertzialenetik alternatiboenera. Bildumagileentzako aleak ere badira.

Era askotariko liburuak daude eskura Donostiako Liburu Azokan. G. R. / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
S irena hotsak estali du Donostiako Gipuzkoa plaza, baina bertan paseoan eta enkarguak egiten dabilen inor ez du harritu. Badakite ez duela gerra iragartzen; atzeko kaleko erloju dendak egiten du soinu hori, egunero,12:00etan. Gerra ondo ezagutu zuen, ordea, Jose Antonio Valladaresek salgai duen liburu bitxienaren egileak: «Federico Garcia Lorcaren Romancero gitano hau 1977an egindako edizio berezi batekoa da. Urte hartan, 50 urte bete zituen liburuak, eta Rafael Alberti erbestetik itzuli zen. Liburu honek Albertiren hemeretzi litografia daramatza, eta haren sinadura, eskuz idatzita». Hori da mahai gainean duen altxorretako bat.

Aurten ere liburuz bete da Gipuzkoa plaza, Donostiako 45. Liburu Azoka dela eta. Beste urte batzuetan baino postu gutxiago daude, eta igandera arte bertan izango dira. Atzo, azokatik pasatu zen jendeak erreparatu zien liburuei, eta batzuek erosketaren bat ere egin zuten.

Valalladaresek bildumagileentzako liburuak saltzen ditu: faksimileak eta obra grafikoak, gehienbat. «Saltzen ditudan liburuak, irakurtzeko baino gehiago, gozatzeko dira. Jendeak ez ditu Vatikanoko edo Eskorialeko [Espainia] liburuen faksimileak irakurtzen; hasteko, inork ez duelako latina edo bisigodo-mozarabiarren hizkuntza hitz egiten».

Bere liburuak, gainera, ez dira batere merkeak: «Hamar eurogatik eros dezakezu Romancero gitano-ren poltsikoko edizioa; baina ale jakin hau baloratzen dakiena, agian, prest dago 3.000 euro ordaintzeko».

Liburuak uki daitezke

Nahiz eta azokako liburu gehienak ez izan hain garestiak, Nora Goialde gaztea ez dute prezioek konbentzitu: «Bigarren eskuko liburuen bila ibili naiz, buruan dituzun liburu horiek prezio onean aurkitzen dituzulako». Joseba Sarrionaindiaren liburuen bila etorri da, zehazki: «Aurkitu ditut, baina ez bigarren eskukoak». Izan ere, aurten bigarren eskuko liburuak saltzen dituen postua ez dago azokan, eta, beraz, Goialde bezalako liburuzaleek ezin izan dituzte euren nahiak ase.

Lazkaon (Gipuzkoa) bizi den bikote ordiziar bat ere jardun da liburuei begira, baina ez dute ezer erosi azkenean. «Ordiziarrak gara, baina ez dugu koronabirusik!», ohar egin dute, eta maskara jantzita aritu dira postuz postu.

Azoka ere egokitu da testuingurura, eta gel desinfektatzaileak eskura daude postu guztietan. Liburuak berak ere, eskura daude: uki daitezke. «Bezero batzuk lotsati samar gerturatzen zaizkigu postura, eta galdetu ea liburuak uki ditzaketen. Tragedia bat iruditzen zait», esan du Dario Malventi Kaxilda liburu dendak daukan postuko saltzaileak.

Liburu alternatiboak ere bai

Kaxildakoek liburu alternatiboak saltzen dituzte, oro har: «Altxor ugari ditugu. Adibidez, German Sigwalden Santa Clarita. Idazleak autoeditatutakoa da, eta giro patafisiko eta surrealista batean kokatzen da eleberria».

Liburu komertzialak ere badaude, «hondartzara eramatekoak», Iñaki Astorkia Erein argitaletxeko saltzailearen arabera. Umeentzako liburuek dute arrakastarik handien haren postuan, «dinosauroei buruzkoek, bereziki».

Sorginei buruzko ipuin bat erosi dio Lourdez Arbizuk bere biloba Enoc Aranazi: «Soinua egiten du», esan du haurrak, pozik. Sexualitateari buruzko liburu bat da, ordea, Astorkiak haurrentzat daukan libururik «bereziena».

Liburuak altxor eta bitxi izan daitezkeenez, asko esplora dezake irakurzaleak, eta zale ez denak, Donostiako Liburu Azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.