Ibilkari

Marizulopetik Askartzara

Mitologiako ikurretako bat da Mari, Zaldiaran mendian bizi omen dena. Haren begiradapean, Berroztegietatik zalu abiatuko gara Askartzako sagarrondoen erreinua bisitatzera. Gaurtik aurrera, abuztuan ibilaldi bat proposatuko du egunero BERRIAk.
Marizulopea izena hartu dute hareharrian irekitako begi biek.
Marizulopea izena hartu dute hareharrian irekitako begi biek. JOSEAN GIL-GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2020ko abuztuak 1

Gezurra, lapurreta eta harrokeria gogor zigortzen dituen numen baten bizilekua omen da Zaldiaran mendia. Nonbait, parajeok baimenik gabe igarotzen dituenari hondamendia etorriko zaio arin eta zalu. Behiala, Zaldiarango jeinuaren bizitokiaren atarian utzitako urrezko orrazia lapurtzeko adorea izan zuen neska artzain batek. Hura ausardia! Altxorra itzultzeko desioari muzin eginda, artaldea zaintzera fite abiatu zen. Jeinuak, ordea, etsi ez, eta neskari atzetik segitu zion, ondasun preziatua itzuli zuen arte.

Kondairak dioenez, Mari jainkosak berak eraiki zuen Zaldiarango mendi tontorrean existituriko gaztelu gotortua, indar eta ahalmen handiko jeinua delako. Jeinuetan jeinuena. Lur azaleko ondareari ez ezik, lur azpiko hartzulo sareari ere forma emateko boterea du Marik. Ogabe mendikoa, kasurako. Bi haitzulo artifizial dira, eta hareharrian irekitzen dira, bi begiren moldean. Marizulopea izena hartzen dute XVII. mendeko toponimia historikoan jasota dagoenez. Ibilbide honetan bisita egingo diegu. Erne ibili, begi biak ikusiko ditugulako San Quilesetik Doroñu mendate historikora bideari jarraituta.

Ogabeko haitzuloak

Berroztegietako elizaren aurreko plazatxoan hasiko gara ibilian. Hegoaldera doan kale nagusitik egingo ditugu lehen urratsak. Artetxo eta Iturriaga kaleak bazter eginda, herrigune osoa zeharkatuko dugu bizkarretik. Burutik buru. Azkenik, Santa Eulalia bideari oratuta, jolas eremura helduko gara. Santa Eulalia kalea uzteko unea da orduan, baita ezkerretik jarraitzekoa ere. Minutu bat baino ez dugu egingo basabide horretatik; izan ere, GR-25 zidorrak egingo duen legez, kable elektrikoen azpitik igaro, eta eskuineko bidea hautatuko dugu guk. Bide zabala laster utzita, ezkerretik maldan gora abiatzen den bidexkari jarraituko diogu. Hasieran, erkameztian barrena; eta, gero, ler gorrien artean.

Basabide zabal batekin topo egitean, eskuinetik segitu eta berehala maldan gora abiatuko gara. Xenda batera iritsitakoan, ezkerrera egin, eta San Quiles tontorra zapalduko dugu. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri handiak harrapatuko ditugu gailurretik, 1753. urtera arte ermita bat izan zuen talaia eder horretatik. Erkametzak, elorri zuriak eta ipuruak gogaide, Quemadas muinora iritsiko gara (Urgatzi eta Errogana diote postontziek).

Zaldiaran mendira begira jarraituta, lepo batera jaitsiko gara. Segidan, Isaspurumendi edo Larraitz tontortxoan jarriko gaitu malda pikoak. Ibilbidea samurtzen delarik, Ogabe mendi luzea korritzeko aukera dugu. Bizkarra amaituta, azken lepora iritsi eta Zaldiaranera bidea bertan utziko dugu. Bidebanatze horretan, uso postuak adierazten dituen seinale txiki bat erreferentziatzat hartuko dugu. Plakara heldu aurretik, ezkerrera egin, eta maldan behera abiatuko gara, errepidera irten arte.

Bihurgunean Marizulopeko haitzulo artifizialetara hurbiltzeko parada izango dugu. Horretarako, errepidea mugatzen duen harresi txikia zeharkatu eta basoan gora metro batzuk eginda, eskuinerantz abiatzen den basabidea hartuko dugu. Aspaldiko harrobi batera helduko gara. Haitzulo bi begietsiko ditugu horma liso eta zabalaren eskuinaldeko ertzean.

Doroñu, Arrieta, Askartza

Mari jainkosaren leihatiletara bisita egin ostean, errepidera itzuliko gara berriz. Tentu handiz, Zaldiaran mendateraino jarraituko dugu, asfaltotik. Mendatera iristean, ezkerretik doan Artzaintza naturbideko zutoinei jarraituko diegu. Hala, Doroñu edo Reventon mendatera iritsi arte. Antena txiki bat dago han. Okinara doan bidea bazter utzita, hegoaldera jo eta, maldan behera, Trebiñurako bideari jarraituko diogu.

Kable elektrikoen lehen habera iristean, eskuinera egin, eta paseo gozoan Doroñura iritsiko gara. Herria zeharkatu, eta ezkerrera hartuko dugu Sorgin tabernatik metro gutxira. Hartxintxarrezko bideak kable elektrikoraino lagunduko digu. Azpitik igaro ondoren, eskuineko bidetik egingo dugu, mantso-mantso, zereal sailak eta erkamezti xumeak gogaide. Une batez, bideak 90 graduko bira egingo du eskuinera, eta Arrietaraino bideratuko gaitu. Arrietan ikusiko dugun lehen eraikina San Roke ermita da.

Herrian sartu gabe, ezkerrera egin, San Rokeren aurretik igaro eta, ur biltegi txiki baten ondoan, ezkerreko —eta beherago doan— bidea hartuko dugu. Autoei debekua adierazten dien seinale bat ikusiko dugu aurrerago, bide sarda batean. Basabide nagusiaren eskuinetik doan belarrezko bideari ekingo diogu han. Hala, bideari begia kendu gabe, goratasuna hartzen hasiko gara. Cabrial mendira iritsiko gara. Garaia mendiko iparraldeko lepoan gaude, hots, Askartzaraino lagunduko digun nekazari bidean. Jaitsiera xumea egingo dugu Askartzaraino.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua agerraldi batean. ©Javier Etxezarreta/EFE

Murga: «Hau bigarren olatua da»

Olatz Esteban Ezkati

Azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasuak Hego Euskal Herrian: 419 positibo atzeman dituzte, atzo baino 108 gehiago.

Bastidan, mahats bilketa, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Araban ere PCRak egingo dizkiete sasoikako langileei

Berria

Arabako Errioxan mahats bilketan 2.500 eta 3.000 langile artean ibiltzea espero da, eta Jaurlaritzak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla. Nafarroak sasoikako langileei eginiko lehen proben emaitzak jaso ditu: denek negatibo eman dute.

Azkaineko (lapurdi) eskolako sartzea, itxialdiaren ondotik. ©Guillaume Fauveau

Bidarteko udalekua itxi dute langile batek positibo eman duela eta

Oihana Teyseyre Koskarat

31 haur izan dira kontaktu zuzenean. Udalekua hetsirik egonen da bi egunez gutxienez. Maskara derrigortu dute Bidarten, Ezpeletan, Getarian (Lapurdi) eta Donibane Garazin.

Aguraingo plaza. ©Aritz Loiola/FOKU

Aguraingo Kokolo eta Donostiako Ramuntxo Berri tabernetan izan direnei proba egitera joateko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Agurainen, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra han egon zirenei egin die deia; Donostian, berriz, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra egondakoei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna