Ibilkari

Degurixako larreak

'Urbia txikia' esaten dioten paraje eder hau sakonune karstiko bat da, artzainek beti erabili izan dutena artaldeak babesteko.
Degurixako larreak.
Degurixako larreak. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2020ko abuztuak 29

Urbia eta Oltzako zelaiguneak paraje ederrak bezain erakargarriak dira, eta, horregatik, bisitari ugari izaten da han urteko edozein sasoitan. Baina, gertu, Araozko elizatean, badago antzeko beste leku bat, Urbia txikia deitu ohi zaiona, eta, aurrekoekin alderatuta, askoz leku ezezagunagoa dena: Degurixa edo Deguria.

Araotzera heldu aurretik, Jaturabeko urtegiaren ondotik pasatu, eta nekazaritza giroko ingurune batean sartuko garela sumatuko dugu. Arrikrutzeko leizeak atzean utzi, eta Sandailiko haitzuloa dagoen ingurutik pasatuko gara. Denbora apur bat izanez gero, merezi du Sandaili edo San Eliasko haitzuloa bisitatu eta elezaharrek eta antzinako sinesmenek diotena gogora ekartzea. Gertu, eskalatzaile gazteak eta hasiberriak trebatzeko paretak daude. Berehala helduko gara Araotzera; aditu batzuen ustez, Lope Agirre euskal esploratzaile eta konkistatzailearen jaioterrira, hain zuzen ere.

Automobila aparkatu, eta Elizalde auzoko elizaren ondoan hasiko dugu ibilaldi samur hau. Errepidetik gorantz egin, eta berehala helduko gara Aizkorbe Goikoa baserriaren ondora, eta horren ezkerretik ateratzen den pistan aurrera egingo dugu. Berehala, bi bidegurutzerekin egingo dugu topo: lehengoan, ezkerrera hartuko dugu, eta, bigarrenean, berriz, eskuinera. Pixkanaka igo, eta pista batera aterako gara. Xendatik, pago zaharren artean, aurrera egingo dugu, eta Araotz elizateko eta Aloña mendikateko ikuspegi zabala duen zabaldi batera iritsiko gara.

Aurrera segitu, eta, berehala, pista zabal batera aterako gara, eskuinetik Andarto Txikiren oinera igotzeko. Andartoko piramidea gertuago ikusiko dugu. Pistari jarraituz, bi bihurgune nabarmen pasatu, eta, erreka gurutzatu aurretik, eskuinera hartuko dugu. Harri pilo txikiek (cairnek) erakutsiko digute zein den Ezateko lepora igotzeko bide zuzena.

Ikusmira bikaina

Lepoan gaudela, Degurixa aldera zuzendu, eta, Andartoren hormaren hego-mendebaldean, mendiaren ertzetik gertu, igoerarik erosoena bilatuko dugu. Etxe itxura duen buzoi zaharraren ondotik, Aloñako eta Aizkorriko mendien eta Degurixako sakonunearen ikuspegi aparta izango dugu. Postal eder horretaz gozatu eta gero, igotako bidetik beherantz egingo dugu, eta gertu dagoen Degurixako larreetarantz joko dugu. Bertan dauden borden ondoan eseri, eta, hamaiketakoa egiten dugun bitartean, inguruak eskaintzen duen lasaitasunaz eta isiltasunaz goza dezakegu.

Saroiei bizkarra eman, eta atzera egingo dugu, Kontrastako lepora doan bidea bilatuz. Urbaltz aldera jaisten hasi, eta, gas hodiaren seinalea ikustean, zuzenean jaitsiko gara. Pistan behera segituz gero, Urkuluko urtegira jaitsiko ginateke, eta, horregatik, hori utzi, eta cowboyen itxura duen baserri kurioso baten ondotik ateratzen den xenda hartuko dugu, Santikurutz ermitara igotzeko. Baselizako atarian dagoen bankuan eseri, eta, parez pare, Araotz elizatearen postal bikaina izango dugu.

Orkatzategi aldera doan bidetik jaitsi, eta bidegurutzean aurkituko ditugun bideen artean eskuinekoa aukeratuko dugu, ubidearen azpitik metro batzuk ateratzen dena. Aurrerago, langa gurutzatuko dugu, eta, bost bat minutu pasatu eta gero, ezkerreko xendatik beherantz egingo dugu, Aizkorbe Goikoa baserriaren ondora atera eta abiapuntura jaisteko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Errigorako kideak eta Mendigorriko familiak, atzo, kanpaina berriaren aurkezpenean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Otarre bete hats euskararentzat

Ion Orzaiz

Aurtengo kanpaina aurkeztu du Errigorak Mendigorrian, D eredua eskatzen duten familiek lagunduta. Tokian tokiko proiektuak sustatuko dituzte, 'Agerraldia' izeneko egitasmoaren bidez.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko»

Iker Tubia

Oharkabean hasi zen mikrofonoen aurrean solasean eta kazetaritzaren munduan murgiltzen. Beti izan du non idatzi, eta horrek itzultzaile lanerako trebatzeko aukera eman dio. Etxean jasotako euskaltzaletasuna izan du ipar.
Euskarazko telesailek 30 urte (IV): 'Goenkale' osteko aroa

'Go!azen' izan da salbuespena

Urtzi Urkizu

ETBk 'Goenkale' kentzea erabaki zuenean, 'Aitaren etxea' grabatu zuten; gero, 'Eskamak kentzen'. Hiru urte eta erdiko «basamortua» iritsi zen, iaz 'Ihesaldia' estreinatu zuten arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna