Historia

Batasunaren indarra

Batasunaren Pribilegioaren pergaminoa, hiriko giltzak, burguen eta gaur egungo hiriaren sorreraren historia eta udaletxeko aretoak bertatik bertara erakusten ari dira Iruñean egunotan.

Jon Martinez Iruñeko historiari buruzko azalpenak ematen, udaletxean, hiriko giltzen aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Karlos, Jainkoaren graziarengatik Nafarroako errege. Modu horretan, bi dragoik osatzen duten K kapitular apainduraz beteriko batekin hasten da Batasunaren Pribilegioa: Iruñeko hiru burguak batu zituen agiria. Iruñeko udaletxeko aretorik apainenean dago ikusgai egun hauetan: harrera aretoan. Beira arasa batek babesten du 1423an sinatutako pergamino luzea. Denborak ez dizkio higatu letrak, argi eta garbi irakur daitezke Karlos III.ak sinatutako hitzak. Agiria ofiziala da, argizariz egindako zigiluek ziurtatzen dutenez. Haien puskak baizik ez dira gelditzen. Puskak, eta hiri bat, batasunaren indarraren erakusgarri.

Iruñeko udaletxean sartuta hiriaren historia ezagutzeko parada du bisitariak. Badira etengabe ageri diren sinbolo eta pertsonaiak. Horietako bat da Karlos Noblea, baita hiriko burguak ere: Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas. Ongi erreparatuta, bisitariak ikusiko du lau burguren armarriak ageri direla udaletxeko beirateetan zein udalbatza aretoko sabaiaren izkina banatan. Laugarrena San Migel da, XII. mendetik XIII. mendera Nabarreriaren barruan bere arau administratibo eta juridikoak izan zituena.

Ez dira asko, baina tantaka turistak gelditzen dira udaletxearen aurrean argazkiak ateratzeko. «Telebistan handiagoa ematen du plazak», ohiko esaldia errepikatu da haien ahotan. Ate nagusia irekirik da, hala egoten da, baina gaur bisitariak sartu dira barrura. Ez dira turistak, hirikoak bertakoak dira. Izan ere, udala bisita gidatuak eskaintzen ari da, asteartera arte. Egun horretan ospatuko da Batasunaren Pribilegioaren Eguna.

Jon Martinez Larunbek egin du ongietorria. Artearen historialaria da, eta turismo bulegoan egiten du lan. «Baina, gehien gustatzen zaidana bisita gidatuak dira», onartu du, irriz. Bere hirikoa mimoz kontatu du, istoriotxoak tartekatuz. Udaletxean sartu eta Felipe V.aren armarria dago erdi-erdian, Borboien boterea argi utzi nahiko balu bezala. Baina bisitak beste helburu bat du: Iruñea batu zeneko historia kontatzea. Alde banatan dauden beira arasek ematen dute horren berri: Batasunaren Pribilegioaren faksimilea, hiriko mazoak eta hiriko giltzak daude han. «Hiru burguak harresiz inguraturik zeuden. Horiek defentsarako mugak izateaz gainera, muga administratibo eta juridikoak ziren», azaldu du gidariak.

Udaletxea erdian

Kontatu du Nabarrerian ez zela botere zibilik, artzapezpikuaren menpe zegoela; San Zernin XI. mendean sortu zutela «ekonomia suspertzeko», eta Okzitaniatik etorritakoak bizi zirela bertan; eta San Nikolas errebal moduko bat zela, eta, sarri, Donejakue bidea egin ondoren, etxera bueltan zirenak han gelditzen zirela bizitzen. «Burguak beti guda eta istiluetan zeuden, nahiz eta metro gutxira bizi». Batu zirenean, udaletxea haien mugetatik kanpo paratu zuen Karlos III.ak: hiru eremuen erdian. Garai hartan alkatea urtero aldatzen zuten, eta urte bakoitzean burgu batekoa zen.

Hiriko giltzei arretaz begiratu die bisitari batek. «Harresietatik sartu eta ateratzeko erabiltzen ziren», azaldu du Martinezek. XIX. mendekoak dira, ateak ere aldatu izan zituztelako. Frantziako atea, Arrotxapekoa, Takonerakoa, San Nikolasekoa, Tejeriakoa eta Berria irekitzen zituzten giltzek: «Ate hauek gauero ixten zituzten San Zernin parrokiako kanpaien hotsekin batera». Bitxiena da 1915era arte gauero itxi zituztela.

Han ere ageri da udaletxearen plano bat. Berezia da, ez baita simetrikoa: erditik moztuta, alde banatan geratzen direnak fatxadaren diseinu bana dira. «Papera oso garestia zen;beraz, bi diseinu egiten zituzten bakar batean. Gero, alkateari erakusteko ispilu bat jartzen zuten erdian, eta horrela osorik erakusten zuten». Bitxikeria gehiago izan dira udaletxeko fatxadaren inguruan.

Eskaileretan gora sanferminetako kartel zahar erraldoiak ageri dira, bestetan argi indarra izanen zutela iragarriz. Historia ezagutu ondoren, udaletxeko areto nagusiak erakutsi ditu Martinezek. Harrerakoa da apainena. Koadroetan Isabel II.a eta Frantzisko Asiskoa Borboikoa, Pablo Sarasate eta Julian Gaiarre, eta baztandarrak azokan, Zigaren eskutik. «Noblezia, burgesia eta herri xehea», esan du gidariak. «Eta kleroa», bota du bisitari batek. Izan ere, San Ferminen kapera dago han, urtean behin erabiltzen dena.

Bisita udalbatza aretoan bukatu da. Karlos III.a eta Felipe VI.a erregeen erretratuek egiten dute harrera. Aretoaren hondoan, berriz ere bisitariak bertaratu dituena: Batasunaren Pribilegioa. Beiratearen atzeko argiak pizten dituen koloreek Karlos III.a agertudute; harekin eskribauak, agiria sinatzen, eta burguetako ordezkariak, haien banderekin, batasunak indartuko dituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.