Iruñeko harresiak

Harresietako soinuetan barna

Korrika, oinez, eserita edota bizikletan ikus daiteke jendea Iruñeko harresietan; batzuk, isilean, eta beste batzuk, hizketan. Erromesak badabiltza oraindik.

Txirrindulari bat Iruñeko Ziudadelako ateetako batetik sartzen, eta bi ibiltari paseatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Po-po, autoak martxan. Iruñeko Ziudadela inguruan noraezean doan eta hitzik esaten ez duen erromesak milaka bide ditu aukeran. Sarrerako arkua zeharkatu, eta Ziudadelan barna dauden bideetan galdu da. Txio-txio, hegaztien oihartzuna entzun daiteke. Lasai ibili daiteke; jende gutxi dago: batzuk, eserita, eta beste batzuk, oinez, baina ez da hitzik entzuten euskaraz. Nahiko isilik dago Ziudadela, baina jolasean eta irrika ari diren haurrek isilunea apurtzen dute: «Kar-kar-kar». Kolore ugariz jositako harresi garaiek inguratzen dute Ziudadela: grisa, marroia, beltza eta, tarteka, landare berdeak. Erdi-erdian eserita dagoen bikote batek gustuko du goizak han pasatzea: «Ez gara egunero etortzen: batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Gustuko dugu eserita egotea eta jendea pasatzen ikustea», esan du Javi Donamariak.

Bertako zirrikituetan barrena ibiliz gero, hainbat koloretako aulkiek osatzen duten biribila ikus daiteke. Rincones y recovecos (Bazterrak eta zokoak) arte jaialdia aurkeztu berri dute, eta dagoeneko antolakuntzako hiru pertsona gelditzen dira soilik. Ainhoa Ruiz jardunaldietako kideak dio uztailaren 2an eta 4an, besteak beste, kontzertuak eta antzezlanak eginen dituztela.

Txio-txio, hegaztien oihartzuna entzun daiteke Ziudadelatik ateratzean; berriz ere, po-po, autoak martxan. Iruñeko harresietan barna zelai handi eta berdeak daude; txakurrak jolasean, jendea oinez eta baten bat eskalatzen ere ikus daiteke. Batzuk, isilean, eta beste batzuk, oihuka, baina, berriz ere, ez da euskararik entzuten. Lasai-lasai hizketan doan bikote bat ikus daiteke, eta Aitziber Marinek dio ia egunero harresietan paseatzeko ohitura dutela: «Motza denez, haurdunaldian oso ongi paseatzen da hemen». Hainbat txakur jolasean daude; batzuk, beroaren ondorioz arnasestuka; beste batzuk, uretan, plisti-plasta. «Laida! Laida! Etorri, Laida! Laida! Etorri», entzun daiteke. Txakurkume batek jolasean ihes egin du. Bego Egiluz goizetan eta arratsaldetan joaten da paseatzera harresietara: «Hurbil dugulako, txakurrak askatzeko eta zelaietan ibiltzeko aukera dagoelako etortzen gara».

Tarteka, kirola egiten dabilen jendea ere ikusten da; batzuk, bizkletan, eta beste batzuk, korrika. Burua altxa eta harresietara begiratuz gero, eskalatzaileak ikus daitezke entrenatzen eta ondo pasatzen. Ohikoagoa da arratsaldez ikustea, baina goizean ere egoten dira, harresietako zirrikituetan gora eta behera eta albo batetik bestera. Eskalatzeko oinetakoak jantzita, Cristian Pau boulderra egiten ari da. Batez ere ilunabarrean, oso giro ona sortzen dela dio: «Garagardoak, solasaldiak, kuadrillak eta nahi duenak boulder pixka bat».

Harresietako zirrikituetan galtzeko milaka bide daude; San Frantzisko eta O-ko Andre Mariaren plazetatik igarota, harresiak goitik eta behetik ikus daitezke, eta aldapan gora eta behera noraezean doazen erromesak daude. Batzuk, gaztelaniaz; beste batzuk, frantsesez edo alemanez. Galderak euskaraz erantzun arren, kalean ez dira euskaraz aritzen. Frantziako Ataria gurutzatuz gero, euskaraz solasean dagoen jendea entzun daiteke. Ataria gurutzatu eta beheraka jaitsiz gero, galtzeko milaka bide daude. Edwin Vidaudek urtebete darama Iruñean bizitzen, eta esan du oraindik ez duela aukerarik izan hiria ondo ezagutzeko; hala ere, harresiak «oso ederrak» direla nabarmendu du. Harresiz inguratutako zelai berdeetan korrikalari bat dabil izerdi patsetan, di-da, arnasestuka; atzetik, makilekin eta motxila handiekin Iruñera iritsi berri diren erromesak. Sonia Campillok dio «oso polita» iruditu zaiola Iruñeko sarrera. Espainiatik etorri dira, eta aldea dagoela esan du Isabel Preciadok: «Hau oso ezberdina da; ura, berdea, oso polita da».

Zaldi Zurirantz

Barbazenako paseoan eskailerak poliki-poliki igotzen ari den pertsona bat dabil; urrutitik entzun daiteke beste batek lasai egoteko esaten diola: «Eskailera hauek dira, eta listo: ez dago aldapa gehiagorik». Aurrerago familia bat dago eserita. Alde Zaharrean bizi dira. Banku batean euskaraz solasean ari den familia bat dago. Aintzane Mangadok Barbazenako paseoan oinez ibiltzeko ohitura dauka: «Neguan, ikasturtean, oso lasaia da; ez da apenas inor ibiltzen: batez ere, txakurrarekin ibiltzen garenak; bestela, gutxi. Udan, turista asko alde batetik bestera, eta asteburuan, azken boladan kuadrillak ibiltzen dira».

Mangadoren aitak, Javier Mangadok, 1950eko hamarkadara atzera egin du: «Hesi hau nahiko hutsik zegoen. 54. urtean Zaldi Zuriko hesia eta eraikina jarri zuten. Lehen, hesola batzuk zeuden, kaxkar-kaxkarrak, eta orain atseginago dago. Oso gutxitan ibiltzen ginen». Mangado Takoneran ibiltzen zen; hala ere, gazteak errekara bainatzera joaten zirela dio: «Hor ibiltzen ziren biluzik bainatzen, eta zaintzailea atzetik, karrika batetik bestera korrika». Txio-txio. Zuhaitzen artean txioka ari diren hegaztiak. Erromes bat noraezean dabil; badirudi Zaldi Zurirantz doala. Bertatik behera begiratuz gero, Iruñeko harresietan dabiltzan erromes gehiago daude; bakoitza bere norabidean harresietako bazterrak esploratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.