Atharratze azaltzen

Zuberoako Basaburuko hiriburuaren bisita gidatuak agerian uzten du Atharratzeren garrantzia. Bastida bat da; merkataritzarako eraikia izan zen, XIII. mendean.

Sorholüzeko eliza, Atharratzerekin bat egin ondoren eraikia. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Atharratze
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Euskara ongi ematen badu ere, Marie-Christinne Larramendik nahiago izan du Atharratzeko (Zuberoa) bisita frantsesez egin, baina galderei izugarri ontsa eman die arrapostu, herriko hizkuntzan.

Plazari begira jarri da, duda guti: Atharratze bastida bat da;karrika nagusi luze bakarra du, eta arkupeek dute karrika hori babesten, merkaturako, bidegurutze komertzialak izaten baitziren herri antolatu horiek. «1299. urtean eraikitzen hasi ziren, Mauleko bizkonde Oier III.aren aginduz, ingelesek Mauletik bota zutelarik», erran du Larramendik.Etxarri Aranatz (Nafarroa) eta Bastida (Nafarroa Beherea) baino lehenagokoa da, beraz, Atharratze. Alta, Xarles V.ak erabat kiskali zuen 1523an: «Argiaren arabera, arkupeetako harrietan sutearen herexa arrosak badira».

Plaza maldan da amiñi bat, eta hiruki forma du. Izan ere, Uhaitza ibaira doazen errekek baldintzatu bide zuten hiriaren eraikuntza.

Patarraren inertziari kasu eginez, beheiti segitu du bisitak, hilerrirat buruz. Zubi txiki batek du bastida mugatzen, okindegiaren parean, hortik aitzina Sorholüze baita. Orain biek hiri bakarra osatzen badute ere, 1859an ziren juntatu. Alta, eztabaida bizi batzuen artean gertatu omen zen; Sorholüzen etxaldeak baizik ez bide ziren izanen; Atharratzen, berriz, noblezia: «Ez zuten herri xehearekin nahasi nahi», aipatu du gidak. Ezagun da plazako arraberritze lanak abiatu dituztela, etxeen aitzinaldeen kolore biziek jende franko erakartzen baitu, Piellenia betea baita.

Zubitik landa, tximinia apainduak dituen etxe zabala hotela izandakoa da, oraingo egunean postetxea dena. Pausagia izan zen, zeinean artzainak borturat igan aitzin pausatzen baitziren.

Eliza neogotikoa, preseski, Atharratze-Sorholüze juntatu zelarik eraiki zuten, 1859an. Aitzineko eliza erromanikoaren arrastorik ez da nehon baratzen. Mundu Gerlara Frantziak bortxaz igorririko atharraztarren omenezkooroitarrian baratu da taldea: Atharaztar gerlan hilen ohartmenetan, zizelkatua da hildako soldaduen zerrendaren gainaldean. «Euskal estiloan eraiki zuten eliza hori; gizonak goiko galerietara igaiten ziren kanpoko eskaileretatik, eta barnekoetatik jausten, komuniatzeko. Emazteak pean ziren, ehorzketa-tradizioaren zaindariak. Etxeko emazte bakoitzak bazuen bere kadira; sehiek ere bai. Eliza barnean lurperatzen zituzten gorpuak», azaldu du Larramendik.

Constantin aitzinean

Jalgi da bisitarien taldea elizatik, oraingo herriko etxearen paretik iraganez: Albert Constantin bedeziaren etxea izan zen. Kepa Altonagaren lanek behin baino gehiagotan agertu dute Pierre Buruzain eta Jean Etxepare medikuekin batera Albert Constantin XIX. mende bukaerako euskal aitzindari handienetako bat izan zela: «Euskal Herriaren ikuspegi krepuskular argizari-jale eta itxian. Hiru medikuok astinaldi ederra eman zioten ordura arteko paisaia ideologikoari, eta, besteak beste, orduko diskurtso identitarioa birbideratzen ahalegindu ziren». Gidak «pobreen mediku» gisa sailkatu du, «dozena bat arroltzerekin baitzuen aski».

Uhaitza ibaiaren hegitik, latsagien ondotik kurrituz, karrikatxo batetik goiti, Agerren gaztelura. Xahoenea eskuinean utzi du taldeak, «astirik ez» bertzeak bertze hizkuntzalari, politikari eta kazetari izan zen heroi nazionalaren etxondoa bisitatzeko. Bertan zegoen pilotan aritzeko trinket bakarra, Agerreko gazteluko frontoia zutitu zuten arte, 1923an. Alta, 1977 paratzen du bertan: «1976an sekulako idorteak jo zuen Atharratze, eta urte bereko abenduan alimaleko ekaitzak frontoia bota zuen. Oroitzen naiz! Gerora ohartu ziren fundaziorik gabe egona zela», kontatu du Larramendik. Bertan egondakoa da Charlie Chaplin, pilota partida baten ikusten, Baigorriko Etxauzek gomitaturik. Haren potreta ikusgai dago Piellenia ostatuan.

Beheiti jautsiz, ederki ageri da zeinutegi gorri ohia, erabat arraberritua. Ez zen eliza, herritarrak abisatzeko bakarrik balio zuen: «Bastidetan elizek kanpoan behar baitzuten». Garruzen (Nafarroa Beherea) ikusten diren gisa bereko etxea da Atharratzeko zaharrena, XV. mendekoa. Alta, «biziki gaizki arraberritu dute, ez baitute errespetatu etxearen egitura; domaia da». Durangotik (Bizkaia) eta Bergaratik (Gipuzkoa) jin bikoteak gogotik eskertu dio bisita gidari, are euskaraz egin baitu tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.