EKOGRAFIAK

Pornoa ETBn

Lander Arretxea -

2018ko urriak 16
Asko gara tarteka halako abangoardismo euskaltzale baten grinak hartzen gaituenak: ordura arte erdaretan soilik ikusi eta jaso ahal izan ditugun produktuak euskarara nahi izaten ditugu ekarri. Esperientziak irakatsita diot: motibazio bakarra hutsunea betetzea bada, ez dago porroterako formula arrakastatsuagorik. Mimoz eta talde gogotsu batekin egiten denean, ordea —adibide ona da herriz herri dabilen Gure Zirkua—, zuloak estaltzeaz gain, espazio berriak sortzen dira. Hutsune horien guztien artean bada bat, zirkulu intimoetan beste guztiak baino gehiago errepikatzen den arren, gaur-gaurkoz, beteko duenik ez duena: pornoarena.

Pornoa diot, eta hori esanda, produktu oso jakin eta esplizitu batzuk etortzen zaizkigu gogora; baina zabalagoa da hutsunea, eta biltzen du, oro har, erotismoaren irudikatzea. Horrek baditu bi ondorio gutxienez: bata da sexuak eta sexu desirak tabu izaten jarraitzen duela hainbat espaziotan; eta bestea, urruneko eremua zaigula pornografiaren industria, eta, horrenbestez, baita eragin, eraldatu eta borrokatu ezinekoa ere. Sexu heziketan eta praktika konkretu batzuen zabalkundean pantailetan ikusten dugunak duen eragina kontuan hartuta, ez al du ardurarik horretan euskarazko edukien leiho nagusia den gure telebista publikoak?

ETBk maiz begiratzen du beste toki batzuetan zer egiten den, gero bertsio nazionala egiteko, modu agerikoan edo ez. Behingoagatik, ordea, Euskal Herrian industria pornografikorik apenas dagoela baliatuta, aparta litzateke inertzia batzuei bizkarra eman eta hutsetik birpentsatzea: pornografiaren definiziotik bertatik hasita; gidoietatik eta errealizaziotik pasatu; eta finantzaketa zein langileen baldintzetaraino. Identitate, gorputz eta sexu joera ez hegemonikoei tokia egiteko aukera ere bai: pantailan bezainbeste, erabakiguneetan.

Erabaki aitzindaria izateaz gain, kasurik txarrenean, audientzia datu bikainak lortuko lituzke; hautsiko luke euskaldunez —eta sarri euskaldunok geure buruaz ere bai (bereziki Espainian) dituzten aurreiritzi batzuk, eta askoren iruditeria aberastuko luke. Profesionalak falta zaizkigu, bai, baina ikasteko ez dago egitea baino modu hoberik. Gainontzean, eta salbuespenak salbuespen, beste batzuek egingo dute: erdaraz, diruak aginduta eta ezer zalantzan jarri gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna