EKOGRAFIAK

Izana, deserrian

Miren Manias -

2018ko urriak 24
Britainiarrak ez diren 48.000 europar bizi dira Edinburgon (Eskozia). Bestela esanda, lagun horiek osatzen dute hiriko populazioaren %10. European voices in Edinburgh (Europako ahotsak Edinburgon) dokumentala ikusi dut, bertan bizi diren lau emakumeren bizitza kontatzen duen lana. Kasualitatez ala kausalitatez, Justyna (Polonia), Amaia (Espainia), Kostanze (Alemania) eta Laila (Suedia) Eskoziara etorri ziren epe labur baterako. Guztiak ere, lanera. Izatez, joan-etorriko bidaia izan da hirurentzat; arrazoi batek ala besteak bultzatuta, hirira itzuli dira.

Justynak ez du egin Edinburgon geratzeko erabaki kontzienterik. «Jaioterrira itzultzeko erabakia atzeratu» du, besterik ez. Egun, ordea, etxera bueltatzeko gogoa adierazi du, baina noiz eta nora egingo duen zehaztu gabe. Ez daki zer esan nahi duen etxeak zehazki; «bizitza ez da soilik leku batean egoteko, ezagutzeko toki asko daude». Haren ustez, garrantzitsuena da «aldi bakoitzean zure bizi estilora egokitzen den tokia aurkitzea». Ez zaio britainiar herritartasuna interesatzen eta brexit-ak ez du beldurtzen.

Protagonistek beren txoko kutunena dute hirian, eta, hain justu, toki horretara eramaten gaituzte beren esperientziak kontatzeko. Bakoitzak bere jatorrizko hizkuntza erabilita. Gazte iritsi ziren Edinburgora eta horrek eragin handia izan du nortasun eraikuntzan. Deserrian, inolako presiorik gabe, etorkizunaz gogoeta egin eta erabakiak hartzeko askatasuna azpimarratu dute.

Kostanze semearekin ageri da parkean. Azaldu duenez, ez zuen aukerarik izan identitate pertsonala lantzeko eskolan. «Ikuspuntu inozoa duzu orduan eta gainerako herrialde sozialistak babestea zen joera, jatorri etnikoak edo elementu nazionalak pisu gutxi zuten». Horregatik sentitzen da Eskoziari atxikia: «Bizirik dago». Uste du pertsona oro posizionatu beharko litzatekeela termino politikoetan, «horrek emango dizkizu zure komunitateko balioak». Soilik Eskoziak independentzia lortuko balu eskatuko luke herritartasuna.

Esperientzia pertsonaletan oinarritutako istorioek errazago piztu ohi dute ikuslearen arreta, baina dokumental honen amuetako bat da jatorrizko hizkuntzan adierazteko aukera eskaini izana protagonistei. Alegia, nekez galduko den pentsatzeko, ulertzeko eta izateko modu partikularra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna