Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Denek uler dezaten (II)

2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Sorpresak zer diren. Niri hain justu kontrako zerbait gertatu zitzaidan, Lander. Ez Bla Bla Car horietako batean, ezta ETBko langile batekin ere; parranda gau batean pertsona batekin oheratzean baizik. Gau guztia elkarri gaztelaniaz hitz egiten pasatu ondotik, hara non eta hurrengo goizean deskubritu genuen euskaraz hitz egiten genuela biok! Auskalo, akaso, euskarak sexurako balio ez duela ere sinistuta gaude —beste konplexu askoren artean—. Haurrekin eta animaliekin izan ezik, Euskal Herri osoan ez da posible euskaraz normaltasunez aritzea. Denek ulertzen ez dutelako. Kasurako, Ekografiak zutabean atzo kontatzen zenuen ETBko Go!azen telesaileko langilearena. Baina telebistan ez ezik, beste euskal erakunde publiko askotan gauza bera gertatzen da. Adibidez, orain dela ia 40 urte sortutako Euskal Herriko Unibertsitatean, non funtzio bizia duten langile batzuek euskararik ez dakiten eta gure arteko komunikazio harreman ugari gaztelaniaz izatera kondenatzen den. Denek uler dezaten. Areago, non ezagutza zabaltzeko ardura dugunoi euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak baztertzen dizkiguten —horrek eragiten dituen gurpil-zoro eta albo kalte guztiekin—; zientziaren hizkuntza ingelesa delako. Denek uler dezaten?

Barka atrebentzia, bada, agintariok, baina XXI. mende honetan bermatuta egon beharko luke euskaraz aritzeko eskubideak; eta Eusko Jaurlaritzak hori ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu beharko lituzke. Horrela erraztuko da euskal herritar guztien integrazioa. Atzo irakurri nion Henrik Nilsson Europako Terminologia Elkartearen lehendakariari, BERRIAn: «Helburua beti da nork bere hizkuntzan egin ahal izatea dena». Ez du berak bakarrik aitortzen, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ere bai: elkar ulertzea da helburua. Glasgown (Eskozia), gauzarik normalena da kalean dozenaka hizkuntza entzutea; baita Eskozian jaiotako dendariak eta bezeroak beren jatorrizko hizkuntza erabiltzea ere —indiera, esate baterako—. Denok pareko. Preseski, hizkuntza eta kultura aniztasuna da hiriaren bereizgarri nagusia. Euskal Herria ezberdina al da, Lander? Gure gaira etorrita, euskara ez bada, zein izan beharko litzateke ETBren bereizgarri nagusia gainerako telebista kateen aldean? Euskaraldi on guztioi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.