Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kornubiera normalizatzeko

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Kornualles konderriko (Erresuma Batua) jatorrizko hizkuntza da kornubiera. Herrialdeko hego-mendebaldeko eskualdean hitz egiten da, hain zuzen ere. XIX. mendean, baina, ingelesak ordezkatu zuen, eta kornubiera galdutzat eman zen. XX. mendean, aldiz, hizkuntza biziberritzeko egitasmoak areagotu ziren. Eta hiztun berriak bereganatu dituzte azken urteetan. Egun, 3.000 lagun inguruk hitz egin dezakete kornubiera.

Ekimen horien artean, kornubiera ikasteko lehen aplikazio digitala dago: Go Cornish (https://gocornish.org). Alegia, Internet bidez hizkuntza ikasteko sortu berri duten tresna —sakelakoan erabiltzeko ere egokitua dago—. Golden Tree Productions erakundeak zuzendu du proiektua, Kornuallesko kontseiluarekin elkarlanean. Helburua da kornubiera hitz egiten ez duen demografia berria erakartzea, hizkuntza modu eskuragarrian ikasteko tresna bat jarrita. Horrekin batera, tailerrak eta saio interaktiboak antolatu dituzte konderriko hainbat eskolatan, tabernatan eta gune sozialetan.

Gazteen erakunde gero eta gehiago ari dira parte hartzen hizkuntza biziberritzeko egitasmoetan. Kornubiera ikasten ari diren lagunen kopurua ere gora doa. Iaz, 77 lagunek egin zituzten hizkuntza azterketak; bestela esanda, aurreko urtean baino %15 gehiagok. Hiztunak, gainera, kornubiera erabiltzeko bide berriak bilatzen ari dira. 2017an, idatzizko testu iragarle aplikazioa sortu zuten; eta 2018an, PlayStationeko joko baten edizioa sortu zuten kornubieraz lehen aldiz: Smash Hit Plunder.

Birtualki bada ere, hizkuntza gutxituak telebista eremura egin du saltoa. Sarean estreinatu berri dute kornubierazko lehen elkarrizketa saioa: Jaqi ha Jerry show. Erresuma Batuko Arteen kontseiluak eta Kornuallesko kontseiluak finantzatu dute. Momentuz, 20-30 minutuko bi programa pilotu grabatu dituzte, eta Youtubeko Pellwolok an Gernewegva kanalean daude ikusgai. Askotariko protagonistak gonbidatzen dituzte platora, gai ezberdinez hitz egiteko. Horrez gain, zuzeneko musika emanaldia ere badago. «Proiektua aitzindaria da guretzat; izan ere, aurretik ez dugu inoiz halakorik egin», azaldu du saioaren errealizadoreak. Jaqi ha Jerry telebista kate bat martxan jartzeko lehen saiakera da. Saioarekin, kornubiera «normalizatu» nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.