Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zenbat 'mainstream'

2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Line of Duty (2012) telesaila ikusten hasi naiz. Bi atal ikusi ditut, eta nahiko itxura ona du. BBCk ekoitzia da, eta aktore nagusietako bat eskoziarra da. Istorioa Londresko polizia egoitzan kokatzen da eta lankide baten gaineko ikerketa da korapiloa. Lagun bati gomendatu nion herenegun, eta esan zidan: «Zenbat mainstream ikusten duzun azkenaldian». Ez da mainstream ugari kontsumitzen dudala, baizik eta BBCko ekoizpen gehienak hainbat herrialdetako plataforma digitaletan daudela. Bodyguard (2018) ospetsua (17 milioi ikusle izan zituen azken atalak), esaterako, Netflixen eta Filminen katalogoetan dago. Erresuma Batuan eta Espainian, hurrenez hurren. Horregatik, balirudike mainstream-a besterik ikusten ez dudala. BBCk jakin du egokitzen telebista jeneralistak bizi duen aldaketa garaira. Bodyguard ez da haren arrakasta bakarra; Line of Duty-ren bosgarren denboraldiko lehen atalak zortzi milioi lagun bildu zituen estreinaldi gauean (%38ko ikusle kuota). BARB audientzia neurtzeko agentziaren arabera, Erresuma Batuko ikusleen %33k ez dituzte telebistako fikzio edukiak zuzenean ikusten; soilik %3,2k adierazten dute modu horretan kontsumitzeko ohitura izatea albistegiak ikusteko. Horri erantsi behar zaio Netflixeko harpidetza hamar milioi etxetan dutela jada. Fikzioa, gustatu ala ez, pisu handiko produktu telebisiboa da.

BBCk badaki hori. «Aspalditik daki hori, eta aldaketa gutxi egin behar izan du garai berrira egokitzeko», azaldu du Conchi Cascajosa Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasleak. BBC «beti izan da marka bat» telesailei dagokienez, «sortzaileek ez dute askatasun handiagoa aurkituko Netflixen». The Crown (2016) telesailaren bi denboraldiak ekoizteko 112 milioi euro jarri zituen Netflixek; BBCk, aldiz, hemezortzi telesailen 85 ordu egin zituen aurrekontu berdinarekin. Kalitateari dagokionez, esango nuke inbidiarik ez dagoela. Jed Mercurio Line of Duty-ren gidoigilea da, eta, dioenez, denboraldi berria idatzi aurretik badaki BBCk hurrengoa finantzatuko duen ala ez. Horrek hobetu egiten ditu istorioa lantzeko baldintzak eta emaitza: «Gidoia telesailen ezaugarri garrantzitsuena da». Sei atal ditu BBCren denboraldi batek batez beste, eta asmoa dute telesail propioen 15 denboraldi berri ekoizteko 2019an. Gora mainstream-a, bada!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.