Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Amu kamutsak eta amu zorrotzak

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bertso saio, dantza edo trikitixa txapelketekin ez dugu euskarara inor berririk erakarriko. Sentitzen dut gogorregi egin bazaizue, baina hala iruditzen zait. Ez diot horiei arretarik eskaini behar ez diegunik. Gure kulturaren zati garrantzitsua dira, eta babestu eta zabaldu behar ditugu. Horrek, ordea, ez du esan nahi gure kultur eskaintzaren zentroa izan behar dutenik.

Konbentzitua dagoena ez dugu konbentzitu beharrik, eta folkloreak konbentzitzeko edo turista esporadikoak erakartzeko besterik ez du balio. Gure hizkuntzara hiztun berriak erakarri nahi baditugu, indarrak beste leku batean jarri beharko genituzke. Adibidez, eduki espezifikoak sortzen. Askotan entzun dut jendea, nerabe edo gaztetxoek euskara erabiltzen ez dutelako kexu. Badirudi errua beraiena dela, eta ez nerabe horiek eskatzen dituzten edukiak euskaraz sortzen ez dituztenena. Nire etxe azpian skate taularekin jo eta su dabiltzanak, adibidez, gaztelaniaz ari dira patinetearekin gora eta behera. Errepikatzen dituzten hitzen artean ingelesezko edo gaztelaniazko terminoak entzuten dira bereziki. Ez da bi segundo baino gehiago pentsatu behar konturatzeko ez zaiela iritsi eremu zehatz horren inguruko euskarazko edukirik. Eta balego? Beraien bizitzako gauzarik garrantzitsuena den horren inguruan euskarazko informazioa eta edukia jasoko balute? Ba, ziurrenik, euskara erakargarriagoa izango litzateke beraientzat. Ez dut uste folklore emanaldi batekin sekula halakorik lortuko genukeenik. Euskararen etorkizuneko erronka beharra sortzea da. Elkartasun edo lastima garaiak aspaldi amaitu ziren.

Aste honetan Donostiako Zinemaldian izan naiz. Azken urteetako erabakirik zentzugabeenetakoa izan denak SSIFF bilakatu duen honen inguruko informazio bila aritu naiz, eta eduki gehiena gaztelaniaz dagoela esatea bistakoa da. Hala ere, gustu handiz jarraitu diot tokiko komunikabideen zein nazionalen elkarlanaren ondorioz ekoitzi duten Zurriolako butaka saioari. Erreportajeak, elkarrizketak eta albisteak. Baliabide handirik gabe, baina oso modu eraginkor eta interesgarri batean kontatuta. Saio honi esker, zinemazaleek ezindute gaur egun, zehaztasun horretako edukirik jaso euskaraz ez bada.

Eta hortxedago, hain zuzen, koska, lagunok, gure hizkuntzak behar duen benetako amua. Irudikatu zein mailatako amua izango litzatekeen ETB1ek, bere baliabideekin, halako saio bat egingo balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.