Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Radio Gaga'

2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Batzuetan telebista saio baten atal bakarra ikusi soilik behar izaten dug, Ekografiak zutabea eskaintzeko. Hori da Movistar+eko Radio Gaga-rekin gertatu zaidana. Igande gauean ikusi nuen lehenbiziko aldiz, eta horrelako tarte gehiago behar ditugula aldarrikatu nahi dut. Bereziki, telebista publikoetan. Puri-purian dauden gaiei heltzen dietenak, eta horien berri emateko kaleko jendea elkarrizketatzen dutenak, hain zuzen ere. Horri dagokionez, baliteke ordainpeko plataforma horren saioak ETB1eko Ur handitan-ekin hainbat antzekotasun izatea. Halere, Radio Gaga-k estiloan eta formatuan balio erantsia duela esango nuke.

Quique Peinado kazetariak eta Manuel Burque gidoigileak aurkezten dute. Karabana hartuta, haien helburua da pertsona ezberdinez osatutako komunitateak bisitatzea, bertako aniztasuna erakusteko eta normalean ahotsa ematen ez zaienei tokia egiteko. Lekura iristean, berriz, irrati estudio bihurtzen dute karabana, eta elkarrizketa intimoak egiten. Irratsaio bat balitz bezala, alegia. Saioaren jatorrizko formatua Belgikakoa da, Flandriako komunitatearen telebista publikoan (Canvas) ematen dute izen berarekin. Laugarren denboraldia da gaztelerazko bertsioaren aurtengoa, eta Ondas saria eman zioten iaz: Espainiako Gaurkotasun programarik onena.

Peinado eta Burque Nirjan (Almeria, Espainia) izan ziren igandeko atalean, etorkinek bertako ekonomian duten garrantzia ezagutzeko; izan ere, haien eskulana beharrezkoa bilakatu da landa sektorean. Lagun gehienak, ordea, paperik gabe daude. Eta txaboletan bizi dira. Gutxi gorabehera, 5.000 pertsona. Etorkinei esker, Nirjako komunitatea aniztasun handiagokoa da orain; eta elkarbizitza benetan eredugarria da. Zoritxarrez, telebistan gutxitan erakusten zaigun horietakoa.

Benetako istorio bat kontatzeko duten pertsonei ikus-entzuteko aukera ematen dien programa bat da Radio Gaga. Gainera, ikusleak soinuan jar dezake arreta bakarrik, irratiaren kutsu intimoa duelako, eta aldi berean telebistaren ikusgarritasuna. Horrez gain, karabanatik 300 metrora daudenek ere irratsaioa entzun dezakete zuzenean. Oro har, herriko biztanleek egiten dute hori, eta kamerek haien irudiak eta erreakzioak jasotzen dituzte. Gaiak latzak dira, baina amaierako sentsazioa gozamena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.