Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskararen periferiak

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Azken indioa sentitu zara inoiz?», galdetuta hasi zen astearteko Ur handitan atala. Zuzen. Koplarik gabe. Euskararen periferien bila abiatu ziren ETB1eko saioko lagunak. Bazter edo ertz horietan euskarak zer presentzia duen ezagutzeko. Besteak beste, Arabako Errioxara eta Nafarroako Erriberara.

Euskara oso gutxi entzuten da Samaniegoko (Arabako Errioxa) kaleetan. Halere, euskararen egoerak hobera egin du azken hogei urteetan. Oro har, erraztasun handiagoarekin erabiltzen da. Belaunaldi berriek gehiago ulertzen dute, baina ez dute hitz egiteko ohiturarik. Ondorioz, entzuten den euskara «kanpotarrek ekarritakoa da, oraingoz». Hau da, «turistek».

Ekoran, bestalde, 200 biztanle daude. Orain hamabost urte, musika talde bat sortu zuten bertako hainbat gaztek. Disko bat kaleratu zuten gaztelaniaz; bi kantu izan ezik. Euskaraz abestu zituzten horiek. Tartean, Musikaren doinuak izeneko kanta arrakastatsua. Egun, bost musikari dira taldean. Euskaldun bakarra, ordea. Eta euskaraz bakarrik abesten dute. Letrak eta koroak, beraz, buruz ikasten dituzte besteek. «Garai batean, ez genuen publikoki esaten taldea ez zela euskalduna, ezta gure arteko harremana gaztelaniaz egiten genuela ere». Zeren beldur ziren? «Euskal giro horretatik kanpo gelditzearena, ez dakit». Talde horrek Herri Urrats bezalako ekimenei jarri die musika. «Orain, naturaltasunez hartzen dugu egoera, baina muga geografikoa hor dago».

Erraz irakasten da euskara eremu horietan? Tuteran, kasurako, saiatzen dira. Nola? «Hizkuntza erabiltzen, ez dago beste modurik».

Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetariak «interes handiarekin» jarraitu zuen saioa. Horrela azaldu zuen asteazkeneko Euskadi Irratiko zutabean. Besteak beste, «bazterrari dagokion erdigunea jartzeko begira» balio izan zion atalak. «Bazterrekoa beti dagoelako erdigunean dagoenaren ertzetan». Periferian, alegia. Gipuzkoarrok «erdigunetarrak» gara. «Proportzioan, hiztun gehien dagoen eremua baita. Eta bertan hitz egiten da euskaraz gehien. Proportzioan. Irakurtzen den gutxian, gainera, erdaraz egiten da gehien. Berdin gertatzen da telebistan, baita irrati arloan ere». Hau da, «euskaldunon komunitatearen erdigunearen erdigunean ere, erdara da nagusi». Hala, «euskara periferiko, bazterreko eta ertzeko da nonahi. Bere erdigunetik hasita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.