Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zaldibar, 0

2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza zentro guztietan bi asteko etenaldia egingo dute, gaurtik. Horrela agindu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, koronabirusari aurre egiteko. Neurria itxaroten ari ginen herritarrok. Besteak beste, ez genuelako ulertzen, COVID-19 gaitza hainbeste hedatzen ari zen bitartean, nola zitekeen oraindik zabalik izatea 90 ikasle baino gehiago bildu daitezkeen eskolak.

Asteartean, martxoaren 10ean, koronabirusarekin zabaldu zuten gaueko Teleberria. Izan ere, Gasteizko ikastetxeak ixteko erabakia hartu zen aurreko egunean. Albistegiko aurkezlearen arabera, hiriburuan «beldurra» hedatua dago, «desinformazioa» dela eta. Beharbada, uste horregatik eskaini zizkioten gaitzari, gutxienez, albistegiaren 50 minutuetatik 45. Hau da, informazio tartearen %90.

Zehazki, «arreta puntu ezberdinetatik» begiratu zioten COVID-19ari, hala nola osasun, ekonomia, turismo eta espetxe erakundeen sektoreetatik. Gainerako bost minutuak, euskal telekomunikazio enpresa bati, Algortako taberna batean izandako eztanda bati eta antzerki obra bati eskaini zizkieten. Aurkezleak nabarmendu zuen Espainiako Gobernuaren presidenteak «lehen agerraldi publikoa» egin zuela asteartean, koronabirusaren krisiak eztanda egin zuenetik. Zaldibarko zabortegiko krisian, aldiz, ETB2ko aurkezleak ez zuen gauza bera egin lehendakariaren lehen agerraldi publikoaz.

Iñigo Urkulluk Twitterreko «kanpainei» jaramonik egiten ez dien arren, Teleberri-ko aurkezleak bestelako jarrera bat du. Izan ere, asteartean COVID-19 gaitzari eskainitako gehiegizko tartea salatu zuten askok eta, asteazkenean, lehendabiziko bost minutuz koronabirusaz aritu ondotik, aurkezleak azpimarratu zuen goiburuek ez zutela COVID-19a hizpide izango. Eta horrela izan zen, baina 14. minutuan berriro heldu zioten gaiari, gutxienez, 41. minutura arte.

Egun berean, asteazkenean, elkarretaratze bat egin zuen Zaldibar Argitu plataformak, Ipurua futbol zelaiaren aurrean. Plataformak dio «ertzainek bi kide identifikatu eta jarrera harroarekin tratatu» zituztela. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zabortegiko langileek bost aste daramatzate desagertuta. Gaiak baditu ere mila arreta puntu; Zaldibarko auziak, ordea, 0 minutu izan zituen ETBko bi albistegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.