Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Korinbatik Korinara

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Korinba Korina da eta kolorea galdu du; edo, hobeto esanda, pintura. Hori ikusi dugu ETB1eko Barre librea saioaren denboraldi berriko lehen atalean. Jakina denez, aurreko denboraldian 22 elkartek salaketa publikoa plazaratu zuten saioaren eta ETBren aurka, argudiatuz blackface delakoa egitea —pertsonaia beltz bat irudikatzeko aktore zuri bat beltzez margotzea, Korinba zenaren kasuan bezala— «estereotipo iraingarriz» betetako praktika gaitzesgarria dela.

Konbentzio zabaldua omen da blackface-a beltzentzat iraingarritzat jotzen duen hori, baina nik behintzat, salaketaren berri izan arte, ez nuen Korinbaren pertsonaia arrazismoaren adierazle izan zitekeelako susmo txikienik ere izan, eta seguru nago Barre librea saioko profesionalek ere ezetz.

Orain denok ikasi dugu zer den blackface-a eta, esan bezala, Korinba Korina da eta kolorea galdu du. Blackface guztiek ez dutela zertan inorentzat iraingarri izan uste dudan arren, zentzuzkotzat daukat Barre librea saiokoek salaketaren ondoren egin duten aldaketa.

Baina ezinegon bat ere utzi du kontuak, zalantza giro moduko bat. Urrutira joan gabe, joan den ostegunean, denboraldiko lehen saioa ikusten nuen bitartean, ezin izan nuen saihestu une bakar batez ere barre librea etengabe eragozten zidan pentsamendu egoskor bat: ez ote ditu monologo horrek halako gutxietsi, edo lehengo esketx hark kolektibo hau edo sineste hura laidotu?

Adibidez, ez ote ziren euskaltzainak, eta beste euskaltzale asko, irainduta sentituko Garbizaleak atal berriarekin? Alemania Ekialdeko Stasi mitikokoak ziruditen bi agente agertu ziren, Zatzaizkit eta Natzaio polizia linguistikoak, euskara batuaren defendatzaile zorrotz, euskaraz gaizki hitz egitea ez ezik... euskalkiak erabiltzea ere zigortzen! Eta zein izango garbizaleak eta... euskara batuaren aldekoak! Historian beti alderantziz izan da barren! Txillardegik eta Koldo Mitxelenak burua altxatuko balute! Pentsakor utzi ninduten Zatzaizkit eta Natzaiok.

«Zertan ibili haiz ordea?», esan nion saioaren amaieran neure buruari. «Hurrengoan, zerbaitek karranka egiten badik, ez ahaztu gidoilariak arrazoiren bat izan duela idatzi duena idazteko, utzi horri buruzko gogoetak geroko eta egin ezak barre libre eta lasai, motel!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.