Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zure butakatxotik

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hainbat hamarkadatan Basarrik bere bordatxotik begiratu zion egunero munduari oro har, eta bere inguruari bereziki, La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarietako Nere bordatxotik / Charlemos de todo sailean. Urte askoan euskararen agerpen nagusi eta estimatuenetako bat izan zen idatzizko prentsan, euskal kazetaritzaren historian nahitaez aipatu beharreko lana.

Aurrerago, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko hainbat kazetarik nork bere butakatxotik begiratu zieten (genien, nahi baduzue) Neguko Olinpiar Jokoei lehenik eta Frantziako Tourrari eta beste hainbat txirrindulari karrerari gero, hainbat urtez, Nire butakatxotik atalean. Rikardo Arregi saria irabazi zuen sail horretan egindako lanarengatik Mikel Elorzak 1993an.

Azkeneko bederatzi urteetan euskarazko hainbat hedabide batu dira —BERRIA, Hamaika Telebista, Kanaldude, Irutxuloko Hitza eta Zinea aurten— Donostiako Zinemaldiari Zurriolako butaka deritzonetik begiratzeko. Bertaratu gabe, etxeko zeure butakatxoan eserita, patxada ederrean eta maskaratik libre, aurpegi gorririk, ikus dezakezu egunez egun, Tessa Andonegi aktoreak aurkeztuta, Zinemaldian zer gertatzen ari den. Ez gertatzen ari den guztia, jakina, hori ezinezkoa izango litzateke, baina bai behintzat zertzelada nagusi batzuk, euskal zinemari buruzkoak bereziki. BERRIAko webgunean eta beste hedabideen atarietan 19:00etan dago ikusgai; Hamaikak 22:00etatik aurrera ematen du.

Aurrekontu urriko lana da eta igartzen da, ezin bestela izan, baina eskaintza osatuago eta orekatuagoa du urtetik urtera, eta hasieran baino sendotasun eta ziurtasun handiagoa erakusten du. Ez dute gaurkotasunik galdu Mikel Alvarezek sail honetan berean duela urtebete, 2019ko irailaren 26an, Zurriolako butaka-ri buruz argitaratu zuen zutabeko azken hitzek: «Erreportajeak, elkarrizketak eta albisteak. Baliabide handirik gabe, baina oso modu eraginkor eta interesgarri batean kontatuta. Saio honi esker, zinemazaleek ezin dute gaur egun, zehaztasun horretako edukirik jaso euskaraz ez bada. Eta hortxe dago, hain zuzen, koska, lagunok, gure hizkuntzak behar duen benetako amua. Irudikatu zein mailatako amua izango litzatekeen ETB1ek, bere baliabideekin, halako saio bat egingo balu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.