Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Koadernoa eskuan

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

Euskaltzale argia, kultua, sustraiei lotua eta munduari irekia, dotorea itxuraz bezala hitzez eta egitez, inoiz konpostura galdu gabea... Joan Mari Torrealdaiz ari naizela pentsatzeko motiboak eman ditut, baina gaurkoan Rikardo Arregi ekarri nahi dut gogora, Hamaika telebistako Txapela buruan programako atal batzuk ikusi izana aitzakiatzat hartuta. Euskal Herritik kanpo jaiotako euskaldunak aurkezten dizkigu programak, haien euskalduntzearen historia eta oraina erakutsiz.

Zergatik Rikardo Arregi? Euskaldunon alfabetatzearen aldarrikatzaile suharra izan zelako, gazterik hil aurreko urteetan, 1960ko hamarkadaren amaieran. Aldarrikapen ahaztuegia, alfabetatzearen zama ia osoa eskolaren esku utzi zelako gero, eta eskola, gizartearen behar adinako laguntzarik gabe, ez delako lan hori ondo egiteko gauza izan.

Ikusirik bertako askok euskararekin duten jokabidea, logikoa da euskaldunoi hunkigarria iruditzea Marc Febrer menorcarra, Rabeb Ridene tunisiarra, Dani Sanz madrildarra eta Yasmine Khris Maansri marseillarra euskaraz hain ondo mintzatzen ikustea. Giro onean ezagutarazi dizkigu Anabel Arraizak Txapela buruan saio atseginean, elkarrizketatuen jarrera ona eta sinpatia lagun.

Baina idazle bati egin dakiokeen omenaldirik onena haren liburuak irakurtzea baldin bada —zinemagile bati, haren filmak ikustea; musikari bati, haren musika entzutea...—, euskara ikasteko ahalegina egin dutenei jatorrizko euskaldunok —euskara etxean edo kalean ikasitakook—, egin diezaiekegun omenaldirik onena ez al da euskara edozertarako eta zeregin guztietarako gaitzen saiatzea eta, horretarako, haiek euskalduntzean ahalegindu diren bezala gu euskaraz alfabetatzen saiatzea? Ez al diegu hainbeste zor, gutxienez?

Noizko horretarako behar akademiko edo profesionalik gabe, euskararekiko amoreagatik, koadernoa eskuetan hartu eta alfabetatzen ahalegindu diren eta ahalegintzen diren euskaldunzaharren omenezko telebista saio bat?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.