Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hura (omen) zen hura!

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun

Ez nuen ikusi Hau da A.U. telesaila. Beste gauza batzuetan nuen burua garai hartan eta, askotan gertatu ohi den bezala, ez nintzen jabetu lan aitzindari hark zeukan garrantziaz. Aztarrenik ere ez!

Urtzi Urkizuk joan den igandean egunkari honetan argitaratutako erreportajeak ekarri dit gogora 30 urte iragan direla estreinatu zenetik, Aizpea Goenagaren eta Elena Iruretaren oroitzapenak lagun. BERRIAren webgunean ikusgai dagoen bideoan ere jasoak daude haien hitzak eta, Goenagaren eta Iruretaren gaur egungo irudiekin tartekatuta, telesailaren pasarte batzuk ikusteko aukera ere badago, makinaren denboran sartu eta 30 urte atzera eginda.

Euskarazko lehendabiziko telesaila izan zen, telesailak hain boladan izatetik urrun zeudenean eta maila baxuko saiotzat jotzen zirenean, denbora-pasarako sitcom dibertigarriak besterik ez kasurik gehienetan, kultuko sormen lanak izatera iristeko inolako aukerarik gabekoak. Horregatik, ez ikusteaz gain, garrantzirik batere ere ez nion eman orduan. Ez horregatik bakarrik; horregatik eta telebista bera ere neure bizitzatik egotzia nuelako garai hartan; horregatik eta orduan ETBtik ez nuelako ezer onik espero, hartan agintzen zutenen ikuspegia orduan nik neukanaren antipodetan baitzegoen, begien aurrean ikusi ere egin nahi ez nuenaren aldeko amorratuak baitziren oro har, konturik gehienetan.

Orain, Goenagaren eta Iruretaren oroitzapenak entzunda, eta euskarazko telebistak izan duen bilakaera kontuan hartuta, eta horri gehituta nik kontu askori buruz dudan ikuspegia ere asko aldatu dela, mirespen moduko batez oroitzen dut Hau da A.U., bizi ez nuenaren nostalgia sentitzerainoko mirespen paradoxikoz. Ez bakarrik Hau da A.U. izan zenarengatik —Nahieran atarian ikusgai daude telesailaren 24 atalak—, baita Goenagak, Iruretak eta biek proiektu hartan biltzea lortu zuten jendeak hurrengo urteetan egindako ekarpen handiagatik ere.

Horregatik, irribarrea ezpainetatik ezabatu ezinda ikusi ditut BERRIAko bideoaren zazpi minutuak, neure artean duela 30 urteko Goenaga eta Irureta gazte haiei ez ezik gaur egungoei ere gogotik txaloka, orduan egin zutenarengatik bezala harrezkero egin duten guztiarengatik. Bejondeiela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.