Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

ETAren trena

2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ur handitan saioak Yoyesi eskainitako erreportajea ikusten hasi aurretik gogora etorri zitzaidan euskal idazle ezagun batek «trenetik jaitsi» zela jakinarazi zuela prentsan argitaratutako artikulu baten bidez, hau da, ETAren ekintzak eta ETA bera gaitzetsiko zituela aurrerantzean, ikusirik aspaldi samarretik hartzen ari zen norabidea.

Idazle haren metaforatik tiraka, esan dezakegu bideari jendez lepo ekin zion trena izan zela ETA; bidaiariz beteta esan nahi dut, hau da, trenaren martxan zuzenean lagundu gabe ere haren norabideari nola edo halako fedea zion jendez beteta. Baina aurrera egin ahala husten joan zen tren hura, harik eta, ia erabat hustuta, historiaren bazterreko trenbide batean apartatuta geratu zen arte. Ez dut gogoan urtea, baina Yoyesen hilketatik urte batzuetara jaitsirik izango zen trenetik lehen aipatu dudan idazlea, gutuna Euskaldunon Egunkaria-n argitaratu baitzuen, oker ez banaiz; 1990eko abenduan, beraz, goizenik. Baina izango zuen eraginik harengan ere, 1986ko irailaren 10az geroztik trenetik jaitsi ziren beste askorengan bezala, Yoyesen hilketak. ETAren trenak etengabe eta tantaka galtzen zituen bidaiariak, zulo txiki bat duen botilak ura galtzen duen moduan, baina Yoyesen hilketak zulo hura asko handitu zuen. Mugarri garrantzitsua izan zen ETAren historian, ETAren gainbeheran.

Lekukotasun interesgarri asko bildu zituen Ur handitan-ek. Amaia Zubiriaren bat izan zen grafikoena. Ordizian (Gipuzkoa), Yoyesen omenaldira kantatzera joandakoan, pareta batean eskela luze bat ikusi omen zuen, eta gerturatu zenean eskela hartan omenaldian parte hartzekoak ziren guztien izenak irakurri, berea barne.

Ez da ahaztu behar, ordea, Yoyes bera ere bidaiari ez ezik makinistetako bat ere izan zela ETAren trenean, askatasunaren eta mundu hobe baten alde egin nahiak bultzatuta, haren gaztetako lagunek erreportajean adierazi zuten moduan. Ez da ahaztu behar tren hura jendez lepo egon zela lehen urteetan, motibo historiko argi batzuen ondorioz. Ez da ahaztu behar ETA ez dela beti bat eta bera izan, duela bi aste Txiki eta Otaegiren exekuzioei buruzko erreportajean ikusi zen bezala. Ahaztu aurretik du azpi-izenburu Ur handitan-ek denboraldi honetan, eta ganoraz ari zaio lotzen asmo horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.