Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Nork kontatzen du?

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Zer bilatzen dugu telesail bat ikusterakoan? Entretenimendua? Suspensea? Trama ondo harilkatu eta dosifikatu baten mende sentitzea? Zuzenean eragiten diguten gaurkotasuneko gaien inguruko galdera deseroso eta gogoeta-eragileak egitea geure buruari? Agertzen diren bakoitzean, egiten dutena egiten dutela, ondo sentiarazten gaituzten aktoreek eragindako lilurapean kulunkatzea? Denboran edo geografian urrun daudelako ezagutzen ez ditugun errealitateak ezagutzea? Bilatu, hori dena bilatzen dugu. Aurkitu, berriz, batzuetan zerbait besteetan ezer ez. Telesailaren arabera.

Alice Troughtonen Baghdad Central telesailaren (Movistar Plus) alderdi erakargarrienetako bat da 2003ko eta 2004ko Bagdad agertzen dela, AEBek gidatutako indar militarrek Saddan Hussein agintetik egotzi zuten garaikoa. Denboran ez hainbeste, baina geografiaren aldetik oso urrun geratzen zaigun errealitatea da, izan ere, etxeratzen diguna. Egikera oneko telesaila da, ikuslea adi mantentzeko elementu ugariz hornitua, Elliot Colaren izenburu bereko nobela arrakastatsuan oinarritua, Erresuma Batuko diruz ekoitzia eta Marokon filmatua.

Itxuraz, nahiko ondo islatzen da telesailean garai hartako errealitate politikoa eta Irakeko herritarren oinazea. Alde horretatik, fidagarria dirudi. Baina... auskalo! Horrelako lanetan urruneko errealitate bat erakusten zaigunean, beti sortzen da zalantza bera: zer iritzi ote dute telesailak kontatzen duen errealitate sozial, politiko eta historikoa bertatik bertara ezagututakoek telesailaz, ikusi baldin badute? Norberak gertutik edo gertu samarretik ezagututako errealitateak fikzioan islatuta ikustean, gutxitan sentitu ohi gara konforme ikusitakoarekin, eta horrek mesfidantza sortzen du. La lĂ­nea invisible eta Patria ikusi eta gero, mesfidantza, niri behintzat, handitu baino ez zait egin.

Irakeko kontuez harago, horretaz pentsarazi dit Baghdad Central-ek. Gaur egun nekez egingo du biderik arrazismo, matxismo edo klasismo nabarmeneko ikus-entzunezko fikzio batek. Egiten den gehiena politikoki zuzena da, itxuraz behintzat. Berdinzalea. Baina industria honetan, ezer kontatzeko bidea egingo bada, dirua behar da, eta ez da berdin dirua nork jartzen duen. Hau da, zeharka bada ere, nork kontatzen duen kontatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.