Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ona, zentzu askotan

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hari buruz asko jakin gabe, Antonio Machadoren Retrato poemako esaldi ezaguna ekarri izan dit beti gogora Enrique Villarreal El Drogas-ek: «Soy, en el buen sentido de la palabra, bueno» (gutxi gorabehera: «ona naiz, hitzaren zentzu onean»). Eta halaxe agertzen da Natxo Leuzaren El Drogas dokumentalean (herenegun gauean ETB2n eta Eitb.eus-en emana). Baina, jakina, hitzaren zentzu onean ona izatea ez da nahikoa dokumental interesgarri baten ardatza izateko; zentzu askotan izan behar da ona horretarako, eta El Drogas zentzu askotan da ona, ez Machadok «ona» deitzen duen horretan soilik.

Arrisku handia zuen El Drogasi buruzko dokumentala egiteak: 1980ko hamarkadaren mitifikazioa, protagonista idolo gisa aurkeztea eta kontaketan errepikakorra izatea, besteak beste. Baina arrisku horiek denak ondo gainditzen ditu Leuzak zuzendutako lanak, neurri handi batean pertsonaiaren indarrari esker.

Dokumentalean ezer gutxi dago 1980ko hamarkadaren mitifikaziotik, 1980ko hamarkada istorioaren hasiera baino ez delako, El Drogasek, Kutxi Romerok dokumentalaren amaieran dioen bezala, iritsi eta gero ere lasterka jarraitu zuelako eta halaxe jarraitzen duelako oraindik, auskalo noiz arte. Idolatriaren arriskua, berriz, El Drogasek berak uxatzen du kamera aurrean hitz egiten hasi orduko, gezurrik esaten ikasi ez duen umea baita (edo oso ondo engainatzen gaitu bestela). Baina hori guztia ez litzateke nahikoa izango El Drogas —izan dena eta dena izateaz gain, eta apala eta gertukoa izateaz gain— pantaila betetzen duen pertsonaia indartsua ez balitz, eta hori ere badela erakusten du dokumentalean. Horregatik —eta ondo eginda dagoelako, jakina—, dokumentala ez da batere aspergarria gertatzen.

Begi batean jaiotzetik duen deformazio baten ondorioz, errealitatea zuzen ikusiko badu oker ibili behar duela dio El Drogasek dokumentalaren hasieran; itsusia dela entzun behar izan du askotan —dokumentalean ere bai, behin baino gehiagotan—, baina okerra eta itsusia ere, ona bezala, zentzu onean ere izatea badagoela erakusten du, eta bera halakoxea dela, okerra eta itsusia, bi hitzen zentzu onean. Eta baita artista eta poeta ere, bi hitzen zentzu onean. Horrek guztiak garaiezin bihurtzen du, agertokian bezala kameraren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.