Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kanpotik barrez, barrutik negarrez

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Garbizaletasunari buruz honako hauek idatzi zituen, beste askoren artean, Luis Villasante euskaltzainburu zenak Euskararen auziaz liburuan (Arantzazu, 1988): «Norbaitek esan du garbitu euskaraz hil arazi edo akaatu dela, eta garbizaleek horixe egiten dutela. Egia». (29. or.). «Gure hiztegi, metodo, liburu eta abarretan eskaintzen dena ez ohi da, ardurenean, euskara bere osotasunean hartua. Euskara murriztu bat, herriaren eta euskal tradizioaren euskaratik guti asko aldendua izan ohi da. Garbizaletasunaren erruz kriterioa okertua eta gaiztatua dugulako gertatzen da hau. Eta gaitz hau larria da» (43. or.). «Horra nola garbizaleak, aski pentsatu gabe eta berek nahi luketenaren kontra, baina zinez eta benetan, euskararen hiltzaile gerta daitezkeen» (47. or.).

Euskara batuaren bultzatzaile eta sortzaileek, Villasante horien artean, gehiegizko garbizaletasunari aurre egin behar izan zioten, eta ez nolanahi, garbizaleak oso gogor oldartu baitzitzaizkien.

Gaur egun, aldiz, alderantzikatu eginda kontua, garbizaletasuna euskara batuarekin lotzen baita sarritan. ETB1eko Barre librea saioko Garbizaleak atalean, adibidez, «Gora euskara batua!» oihukatzen dute Zatzaizkit eta Natzaio garbizale zigortzaileek. Saioko monologo batean, hala ere, Aitziber Garmendiak, euskara batua beharrezkotzat jo ondoren, garbizaletasuna eta garbizalekeria bereizi behar direla esan zuen, neurrian dagoela kontua, alegia. Gaitz erdi!

Euskara batua garbizalekeriaren aurka sortu bazen, zergatik jotzen da orain garbizalekeriaren gordailu sakratutzat? Zer gertatu da? Euskara batua zer den, edo zer izan beharko lukeen, ez dela behar bezala gizarteratu, zabaldu eta ulertu, euskara batua ez dela behar adina eta behar bezala erabili. Noranahiko izanik plazara eta mundura irteteko prestatu ondoren, geuk, euskaldunok, ez diogu euskarari behar adina lagundu horretan, nahiago izan dugu geure jatorrizko jatortasun jator eta ia beti zabarraren autokonplazentzian liluratu.

Horregatik, kanpotik barrez eta barrutik negarrez ikusten ditut Barre librea-ko Garbizaleak ataleko esketxak. Argi daukat hala ere: egiten dutenak nire barrearen erantzule dira baina ez nire negarraren errudun. Ez nago atalaren aurka, ez baita gaitza, sintoma baizik. Zer pentsatua ematen duen sintoma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.