Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Marte? Bai, oso ondo. Eta zer?

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Beharbada izango da bestelako pertzepziorik duenik, baina hemen, geure artean esanda: ez al zaizue iruditzen interes gutxi piztuta eta inolako zirrararik eragin gabe jaso ditugula NASAren Perseverance ibilgailuaren Marteko irudiak? Interes falta hori ondo irudikatu zuen nor izan zen oroitzen ez dudan txiolari batek, honelako komentario bat eginez Perseverance-k joan den astean Marten aterako argazki baten ondoan: «Bardean antzeko ikuspegiak daude». Esanez bezala: «Marte? Bai, oso ondo. Eta zer?».

Iraganeko bizitza-aztarna fosilen bila bidali omen dute Perseverance, argazkiak eta bideoak egiteko sekulako ekipamendua omen dauka, lehen aldiz jaso omen da bideoan marteratze bat... Baina... bai zera! Dena alferrik izan da. Gehientsuenok, nik uste, gainbegiratu labur bat eman diegu irudiei, beste bat titular nagusiei eta berehala beste zerbaitetara bideratu ditugu begiak, burua eta bihotza.

Badakit ez dela konparagarria, kasu honetan gizakirik gabeko ibilgailua baita Martera iritsi dena, eta ez lehendabizikoa gainera, baina lekutan geratu da Neil Armstrong zenak, 1969ko uztailean, Apolo XI espazio-ontzitik jaitsi eta Ilargian oina jarri zuen garaian piztu zen zirrara, igurikimena, jakin-mina, harridura, sinistu ezina...! Tira, sinistu ezina, literalki, ez da erabat desagertu, handitu baizik harrezkeroko urte eta hamarkadetan, ikusirik mirari berrien aurrerapena zirudienak zein jarraipen eskasa izan duen orduan piztutako itxaropen —edo beldurren— aldean.

Faktore askok eragin dute espazioko balentria berriak hain interes gutxi piztu izana. Batetik, lortu dena ez da guztiz berria, bigarren mailako alderdi batzuetan izan den aurrerapena alde batera utzita; bestetik, bada Lurrean Martetik etor daitezkeen irudiei erreparatzea baino aurreragoko lanik, batez ere COVID-19a albistegi guztietako apopilo ezin uxatua egin zaigunez geroztik.

Baina, horrekin guztiarekin batera, pentsa daiteke ez ote dagoen, begi aurrean egunero izaten dugun irudi zaparradaren ondorioz, irudiaren debaluazio moduko bat ere. Gero eta zailagoa dela, alegia, inor ezein irudirekin harritzea, inori ezein irudirekin interes handi samarra piztea, berdin dio irudia Martekoa bada eta inoiz baino kalitate handiagoz egina badago ere. Marte? Bai, oso ondo. Eta zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.