Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Hedabideek sortutako mina

2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Konplot bat zirudien, Guardia Zibila, fiskala, hedabideak eta epaimahaia emakume baten aurka jarri ziren. Emakume horrek Dolores Vazquez du izena, eta 1999an bere bizitzak okerrera egin zuen bikotekide ohiaren alaba hil zutenean. Doloresek 20 urte eman ditu isilik. Kartzelatik irten zenean Erresuma Batura joan zen bizitzera, Malagan bizi izan zuen amesgaiztoa ahaztu nahi zuen. Amesgaizto hori nolakoa izan zen Dolores: La verdad sobre el Caso Wanninkhof (HBO Max) dokumentalean azaltzen du Vazquezek, Toñi Moreno kazetariaren laguntzarekin.

Rocio Wanninkhofen desagerpena eta heriotza Espainiako hedabide guztiek jaso zuten. Kasuaren inguruan agertzen ziren berritasunak telebistan ikusgai zeuden egunero, eta gizarteak errudun bat aurkitu nahi zuen. Susmagarri gutxi zeuden, eta bat-batean errudun bat sortu zuen Guardia Zibilak. Dolores Vazquezek Rocioren amarekin harreman bat izan zuen, eta horrek errudun egin zuen. Beatriz Gimenok esan du kasua lesbofobiaz beteta egon zela urteetan zehar. Dokumentalean haren lekukotza agertzen da, eta bere liburuaren tesia azaltzen du. «Lesbiana perbertsoaren irudia» sortu zutela adierazten du Gimenok.

Irudi hori Vazquezen jarreraren ondorioz sortu zen. Berak ez zuen hedabideen aurrean hitz egin nahi, bere hitzak gaizki erabiliko ziren beldur zelako. Alicia Hornos, Rocio Wanninkhofen ama, Dolores Vazquezen isiltasunaz probestu zen, eta hedabide guztietan agertu zen. Vazquez susmagarri nagusi bilakatu zenean, bere bikotekide ohiaren inguruan gaizki esaka hasi zen telebista kate guztietan, eta bere alabaren hiltzailea hura zela sinistu zuen. Emakume gaiztoaren irudia sortu zuten denen artean, eta telebistak Dolores Vazquez epaitu zuen. Telebistako epaiak justizia zeharkatu zuen, eta probarik gabe Vazquezi hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Sonia Carabantesen heriotzaren ondorioz, Wanninkhofen hiltzailea Tony King izan zela jakin zen 2003. urtean. Horrek Vazquez errugabe egin zuen, baina gaur egun inork ez dio barkamenik eskatu edota kalte-ordainik eman. Nire iritziz, hedabideek erru asko izan zuten kasu horretan, baina baita erakunde publikoek ere. Dolores Vazquezi egin zioten mina inork ez du sendatuko, baina telesailak zauria ixten lagunduko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.